albistea
Ahots lehiaketa
Epaimahaiak nor aukeratu duen jakingo dugu larunbatean 'Kantuan'en
A.A.
Aurreko saioan, bi pertsona kaleratu beharrean, hiru kaleratu zituzten eta epaimahaiak castingean kaleratutako lehiakide bat berreskuratzeko eskatu zuen.
'Kantuan' lehiaketako hirugarren saioan, epaimahaiak nor aukeratu duen jakingo dugu. Izan ere, aurreko saioan hiru lehiakide kanporatu zituzten, bi kanporatu beharrean. Eta epaimahaiak castingean kanporatu zuten pertsona bat berreskuratzeko aukera aipatu zuen. Larunbat honetan jakingo dugu nor den pertsona hori.
Lehiaketako bigarren atalean hamar lagun aritu ziren nor baino nor, Euskal Herriko ahotsik onenak biltzen dituen lehiaketa honetan. Printzipioz, bi lagun gelditu behar ziren kanpoan, baina saioaren amaieran epaimahaiak ezustea eman zuen eta hiru kanporatu zituzten.
Horren ondoren, beste sorpresa bat izan zen: epaimahaiak castingean kanporatutako lehiakideetako bat berreskuratzeko nahia azaldu zuen. Astean zehar, horren inguruko gogoetak izan dituzte 'Kantuan Prest' saio berrian, Maider Gorostegik gidatuta, lehiaketa honen analisia egiten duten tartean; baina hurrengo larunbatean jakingo dugun nor den lehiakide hori.
Lehiakide berri horrek honako abeslari eta abesti hauek izango ditu arerio:
Estibalitz Etxeberria: Hemendik At taldearen 'Eskutitza'
Leire Elustondo: Ken Zazpiren 'Izarren hautsa'
Rakel Vicente: El Canto del Locoren 'Besos'
Jon Urbieta: El Sueño de Morfeoren 'Para toda la vida'
Xabier Zurbano: Phill Collinsen 'You will be in my heart'
Leire Tejada: Suganen 'Zarena zarelako'
Iraide Irigoien: Fiordalisoren 'Yo no te pido la luna'
Idoia Bediaga: David Guettaren 'Titanium'
Leire Gotxi: Oasis taldearen 'Don't look back in anger'
Hirugarren saio honetan, gainera, gonbidatu berezi bat ere izango da: 'Kantuan'en lehenengo edizioan ikuslegoaren saria irabazi zuen Zuriñe Hidalgo. 'Elkarrekin berriro. ETBren 30. urteurrena' kanta grabatu zuen eta, oraingoan, lehiakide guztiak inguruan dituela abestuko du.