albistea
Kultural agendaren errepasoa
Iban Barrenetxea idazlea, aste honetako 'EITB Kultura'n
A.H.
EITB
Saioak, gainera, Bilboko Zinebi jaialdiaren 54. edizioan parte hartuko dute euskal ekoizpenak ezagutuko ditu gertutik.
-
Argazkia: ibanbarrenetxea.blogspot
Iban Barrenetxeak erdarazko haur eta gazte literaturako Euskadi saria lortu berri du eta, aste honetako 'EITB Kultura' saioa bere fantasiazko munduan murgilduko da. Baina bidai horretan, idazlearen lan idatzia ez ezik, 'Ilustrazioaren txokoa' erakusketa ezagutuko du. Izan ere, Barrenetxea ilustratzailea ere bada eta Donostiako Aiete kultur etxean erakusgai du bere lana.
Bestalde, 'EITB Kultura'k adi-adi jarraituko du aste honetan ospatuko den Zinebi jaialdiaren 54. edizioa eta batez ere, euskal zinemaren atalean aurkeztuko diren filmak. Horien artean, hiru lan aztertuko dituzte: Angel Sandimasen Gernika, Unai Garateren Aner eta Gentzane Martinez de Osabaren Je me souviens.
Antzerki mundutik, Publikoari gorroto lanaren berri emango dute. Artedrama konpainiaren azkeneko ekoizpena da eta Xabier Mendigurenek 1985ean idatzitako testua hartzen du oinarri. Ander Lipus du protagonista, antzezlan bat bi ikus-entzuleren aurrean interpretatu behar duen aktorearen paperean.
Amaitzeko, Bilboloop musika jaialdira hurbilduko dira. Bilboko Kafe Antzokian asteburu honetan ospatuko den jaialdiak hamaikagarren edizioa du. Pop, rock eta musika elektronikoak bat egingo dute nazioarteko eta hemengo taldeen partaidetza zabalarekin. Aurten entzungai izango diren taldeen artean, Ainara Legardon, Elephant, Maika Makovski, On D'Rocks, La Femme eta The Cast of Cheers daude.
'EITB Kultura' astelehen honetan emitituko da 00:10etik aurrera ETB-1en, asteartean 01:10ean ETB-2n eta ostegunean 23:15ean ETB-3n.