Kantuan
ETB-1en
Lau abeslari izango ditugu larunbatean 'Kantuan' saioaren finalean
A.R.
Erredakzioa
'Kantuan' saioaren final handia izango da larunbatean, eta Leire Tejada, Idoia Bediaga, Xabier Zurbano eta Estibalitz Etxeberria izango dira lehian sari nagusia irabazteko.
25 lehiakide izan ziren saioaren hasieran, eta hainbat programen eta kaleratzeren ostean, lau finalista ditugu azkenean: Estibalitz Etxeberria, Idoia Bediaga, Leire Tejada eta Xabier Zurbano. Lau lehiakideak nor baino nor arituko dira 3.000 euroko sari nagusia irabazteko lehian.
Lehiakide bakoitzak bi kantu abestu beharko ditu. Bat beraiek aukeratutakoa izango da, eta bestea, saioaren zuzendaritzak aukeratutakoak. Ohi denez, Iñigo Arbizak, Joseina Etxeberriak eta Joli Pascualenak emango dute epaia.
Leire Tejadak Celine Dionen 'The power of love' balada arrakastatsua kantatuko du. Estibalitz Etxeberria ACDC taldearen 'Hole lotta rosie' kantuarekin ausartuko da eta Idoia Bediagak, berriz, bere idoloa den Lady Gagaren 'The edge of glory' abestuko du. Azkenik, Xabier Zurbanok, Queen taldearen 'The show must go on' kantu ezaguna kantatuko du.
Finalean, gainera, aurreko saioetan kanporatuak izandako lehiakideak berriz azalduko dira Julian Iantzirekin batera 'Kantuan'eko agertokian, eta Wham taldearen eta Aretha Franklinen kantu mitiko eta dantzagarri batzuk kantatuko dizkigute.
Finala, urduritasunak, emozioak pil-pilean, kanturik zailenak, onenak... Sorpresaz beteriko gala aurkeztuko du Julian Iantzik larunbat gauean.