Itxi

albistea

Albistegi bereziak

Kataluniako hauteskundeei arreta berezia eskainiko die EITBk

A.E.

EITB

Telebista eta irratietako albistegiek tarte berezia eskainiko diete hauteskunde autonomikoei. eitb.com-en ere informazio zabala izango da.

  • Kataluniako hauteskundeei arreta berezia eskainiko die EITBk

ETBko albistegiek Kataluniako hauteskunde gauaren jarraipen zabala egingo dute igandean, kanpainan zehar egin duten bezalaxe. Albistegiek zuzeneko konexioak egingo dituzte bertatik berri emateko. Horrez gain, gaueko 'Teleberri'ren amaieran tartea zabalduko dute Katalunian jazotzen dena zuzenean kontatzeko. Estibaliz Ruiz de Azuak gidatuta, CIU, PSC eta PPko egoitzekin egingo dute bat. Halaber, Generalitatean ere izango dira, handik emango baitira datu ofizialak. Eli Zunzunegi, Janire Fragua eta Olatz Simon ariko dira Bartzelonatik berri ematen.

Asteleheneko albistegietan ere Kataluniako hauteskundeei buruz arituko dira. 'Egun On Euskadi', 'Gaur Egun', 'Teleberri' eta 'Azpimarra' saioez gainera, debate berezia izango da astelehenean ETB-2n: 'Euskadi-Cataluña: El día después', Estibaliz Ruiz de Azuak aurkeztuta.

Euskadi eta Katalunian hauteskunde ondoren gelditu den panorama aztertuko dute hemengo eta hango adituek. Honako gonbidatuak izango dituzte eztabaidan: Pere Marti, Avuiko Politika buru ohia eta Ara egunkariko erredakzio buru ohia; Salvador Cot, Nació Digital-eko zuzendaria; Pablo Simon, Zientzia Politikoetan doktore eta Pompeu Fabrako irakaslea; Juan Mari Gastaca, El País-eko Euskadiko ordezkaria; Lourdes Perez, El Diario Vasco-ko zuzendariordea, eta Joseba Santamaria, Diario de Noticias de Navarra-ko zuzendaria.

Euskadi Irratia eta Radio Euskadi Kataluniatik

Euskadi Irratiak lau laguneko lan-taldea bidali du Kataluniara: Maite Artola, Ainhoa Etxebeste eta Iñaki Guridi kazetariak, eta Mikel Aldama teknikaria. Asteburu osoan albistegietarako bertatik egingo dute lan eta igande gauean saio berezia egingo dute. Iñaki Guridi Catalunya Radioko estudio batean, Maite Artola CIUren egoitzan eta Ainhoa Etxebeste PSCkoan egongo dira. Igandean, 20:00etan, albiste aurrerapena egingo dute inkesten berri emateko, eta ondoren, 22:00etatik 23:00etara, emaitzak eman eta alderdien egoitzetan dagoen giroaz gain, Martin Aranburu, Xabier Gurrutxaga eta Javier Diez Noci kolaboratzaileek hausnarketa egingo dute.

'Amarauna' saioak larunbat eta igandean eta 'Faktoria' saioak astelehenean konexioak egingo dituzte gonbidatuekin Kataluniatik zuzenean, iritzi, berri eta bertako giroaren isla izateko.

Radio Euskadik ere jarraipen berezia egingo die Kataluniako hauteskundeei. Igande gauean albistegi berezia eskainiko du Bartzelonatik, 20:00etatik 23:00etara. Dani Alvarezek gidatuko du eta berarekin Xabier G. Ramsden, Iñaki Gomez, Iratxe Ruiz eta Olatz Simon egongo dira.

Hurrengo egunean, 'Boulevard' saioan jarraituko dute analisiarekin. Dani Alvarezek Bartzelonatik aurkeztuko du saioa, Katalunia, Euskadi eta Madrilgo politiko eta adituekin.