albistea
Aurrerapena
Ikernek urruntzea erabakiko du, 'Goenkale'n
Bartzelonara joango da lanera, eta erabaki horrek Lukas lur jota utziko du, ez baitu ulertuko neskak berriz hasten ari ziren harreman hori apurtzea.
'Goenkale' telesailaren gaurko atalean (22:00etan, ETB-1en), Ikerneren eta Lukasen arteko harremanarenak egingo du. Gertatutako guztiaren eraginez, Ikernek urruntzea erabakiko du, eta Bartzelonara joango da lanera. Erabaki horrek Lukas lur jota utziko du, ez baitu ulertuko neskak berriz hasten ari ziren harreman hori apurtzea. Mireia pozik dago bikotearen arteko krisiarekin, bera izan baita, hain zuzen ere, piztu duena. Azken hori, bestalde, gero eta gehiago erakarriko du Germanek.
Erakarpenez ari garela, Eider Saidek liluratuko du, eta are liluratuagoa sentituko da mutilak neskari espero ez zuen musu bat lapurtu ostean.
Leire alai eta urduri dabil, euren bizitzetan agertu den anaiatxoa ezagutu nahi baitu. Aitak baimena emango du anai-arrebak elkar daitezen. Horren ostean, Leirek uste du anaia txikiari lagundu behar diotela, eta amari dirua eskatuko dio egin behar dioten ebakuntzarako.
Azkenik, Itxasok Iboni egia kontatuko dio, hau da, berak topatu zuela Luperen dirua, eta guztia xahutu zuela.