Itxi

101 Gaztelu

21:30ean

Goñi-Maritxalar duelua, '101 Gaztelu' abentura saioaren estreinaldian

Indartsu hasiko da '101 Gaztelu' abentura saioa. Izan ere, Mikel Goñi eta Manu Maritxalar kapitainen duelua izango dugu estreinaldian ikusgai.

0:10

Datorren igandean, irailaren 15ean, 21:30ean, estreinatuko da '101 Gaztelu', denboraldi honetako ETB1eko programazioaren apustu garrantzitsuenetako bat. Eta indartsu hasiko da, gainera. Izan ere, Mikel Goñi eta Manu Maritxalar kapitainen duelua isango dugu estreinaldian ikusgai. Gainera, eitb.com-en ere zuzenean jarraitzeko aukera izango da Julian Iantzik astero aurkeztuko duen abenturazko lehiaketa berria.

Euskal Herriko zazpi herrialdeetan barreiaturik dauden 20 gaztelu eta jauregitan grabatu dute '101 Gaztelu' saioa. Lehia, berriz, bi talderen artekoa izango da. Sei partaidez osaturiko bi talde arituko dira nor baino nor gehiago: Zaldunak eta Billauak. Kapitain bana  izango dute: Mikel Goñi eta Manu Maritxalar.

Gazteluz gaztelu bidaiatuko dute bi taldeok Euskal Herrian barna. Saio bakoitzean, taldeak izango duen lehen erronka garrantzitsua gaztelua topatu eta gaztelura iristea izango da. Behin hori lortuz gero, gaztelua izango da, baita ere, gainditu beharko duten probaren eszenatokia.

Lehiakide talde bakoitzak kapitan bat izango du, eta atal bakoitzean, taldeak laguntzaile ospetsu baten laguntza jaso dezake, ohore hori eskuratzen badu behintzat.

Lehiakideen helburua ahalik eta gazteluetako bandera gehien lortzea da, eta ehunka kilometro egingo dituzte xede hori betetzeko. Udazkenean, saioa estreinatzearekin bat, argituko da lehiakideek hori egiteko izango duten modua.

Lehiakideek hainbat proba edo joko egin beharko dituzte garaipena lortzeko: eskalada, tirolina, rafting, erresistentzia-probak, piraguismoa eta uretako beste hainbat proba.

Parte hartzaileak gazteluen lurraldeetan murgilduko dira, borrokaldi eta konkista historiko garrantzitsuak izan ziren tokien bila. Bertan, euren borrokaldi propioak bizi behar izango dituzte, mota guztietako probei aurre eginez, 'Conquis'en estilora.

'Basetxea' eta 'El Conquistador del Fin del Mundo' saio arrakastatsuen arrastoa jarraitzen duen lehiaketa Hostoil ekoiztetxeak egin du ETBrentzat.