Itxi

101 Gaztelu

5. saioa

Eguneko bi probetan, Bilauak nagusi

Oinezko ibilaldian eta lastoz beteriko gurdia bultzatzen Zaldunak baino hobeto moldatu dira Manu Maritxalarren taldekoak.

10:53

Aspaldiko partez, Bilauak izan dira nagusi '101 gaztelu' saioaren bosgarren atalean. Goizean, oinezko ibilaldia egin behar izan dute, eta, ondoren, lasto-fardoz beteriko gurdi bat bultzatu behar izan dute mendian gora, eta bietan gailendu zaizkie Zaldunei.

Hasteko, Ozioko gaztelura joan behar izan dute, baina, horretarako, ibilgailuak utzi, eta oinezko bidea egin behar izan dute. Ez da bide luzeegia, baina azkar joan beharra dute, ezinbestekoa baita lehenak iristea abantaila lortzeko. Eta abantaila ez da nolanahikoa izan: hurrengo probarako, Imanol Agirre pilotariaren laguntza jaso eta 30 segundo lehenago hasteko abantaila.

Eta ezinbestekoa izan da abantaila bikoitz hori saioko joko nagusia irabazteko. Izan ere, lasto-balak gurdi baten gainean jarri, hura mendian gora bultzaka igo eta lasto-fardoekin dorre bat osatu behar zuten, eta Imanol Agirreren indarra eta lehiakortasuna oso baliagarria izan zaie Bilauei zereginak gauzatzeko, baina, batez ere, 30 segundoko abantaila izan da erabakigarria.

Beraz, aspaldiko partez, Bilauak izan dira txapeldunak. Manuk egindako promesa bete du eta abestia eskaini die taldekideei. Eta saria ezin gusturago hartu dute talde beltzeko kideek, lau egunez ezertxo ere jan gabe egon ondoren, 3 oilasko, patatak eta piperrak jaso baitituzte.