48 ordu
22:00etan
Errepidean eta bertako bizipenetan murgilduko da gaur gauean '48 Ordu' saioa
EiTB
Onintza Enbeitak errepideetako bizipen eder eta gogorrak ezagutuko ditu.
Errepide guztiek Erromara eramaten omen gaituzte, baita gure txoko guztietara ere. Errepideak istorioz beteta daude, eta aste honetako '48 Ordu errepidean' saioan, Onintza Enbeitak bizipen eder eta gogorrak ezagutuko ditu.
33 urtean errepidean eginiko kilometro kopuruarekin, Alex Perurena kamioilariak 100 bira emango lizkioke munduari. Inork baino hobeto ezagutzen ditu, beraz, errepidea eta bertako egunerokoa. Egun argiak eta ilunak.
Bidean topatuko dugun bizipen ederrena Onsalo-Danboriena familiarena dago, alaba errepidean sortu baitzen, Elizondotik Iruñera bidean dagoen zerbitzugune batean. Aitak emaginaren lana egin behar izan zuen, eta hark erabilitako teknika medikuek idatzita gorde dutela kontatu digute.
Errepideek bizipen gogorrak ere ikusi dituzte. Horietako bat Vicky Molinarena da. Istripua izan zuen ekainean, traktore baten azpian atera ezinik geratu zen, eta zerbait esan nahi izan die bere bizitza salbatu zuten suhiltzaileei.
Bideek guztiak elkartzen omen gaituzte, eta elkartasun keinuak ezinbestekoak izaten dira bertan. 2018ko urtearen hasiera ez dute erraz ahaztuko elurteagatik bidean geratu ziren 1.400 lagunentzat, euren ezinegonagatik eta, batez ere, Altsasuko herritarrek emandako harreragatik. Espe Anzizar izan zen etxeko ateak ezezagunei ireki eta laguntza eman zien bizilagunetako bat.
Badira lanagatik edo eguneroko eginbeharrengatik errepidera jotzen dutenak, baita errepideari lotuta bizi direnak ere; euren etxearen alboan errepidea egin dutelako, kasu batzuetan. Hori da Juanita Ugarteburu eta Silver Txurrukaren kasua.
'48 Ordu errepidean' gaur gauean izango da ikusgai, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.