Itxi

6 Argazkitan

Famatuen bizitza

'6 Argazkitan', ETB1eko saio berria

A.A.

EiTB

Pedro Mari Goikoetxea kazetariaren eskutik, Juan Mari Atutxa, Anjel Mari Peñagarikano, Julian Retegi eta Jone Goirizelaiaren bizitza ezagutuko dugu, esanguratsuak zaizkien argazkietatik abiatuta.

0:36

'6 Argazkitan' saio berria izango dugu ikusgai ETB1en otsailaren 23tik aurrera. Euskal Herriko pertsona ospetsuen bizitzaren errepasoa egingo du, euren bizitzako sei argazki aitzakia hartuta. Pedro Mari Goikoetxea kazetaria izango da saioaren gidaria eta pertsonaia ospetsu horiekin batera joango da ibilbide horretan.

Sei argazki horiek euren bizipenen bildumatik aukeratutako erretratuak izango dira, pertsonaiarentzat esanguratsuenak direnak: familia-argazkiak, gertaera bereziak, lorpenak...

Argazki bakoitzak daukan istorioa azalduko digu pertsonaiak. Horretarako, ahal den heinean, gure protagonistarekin batera pasarte horietan agertzen diren lagunak, familiako kideak eta beste pertsonak bilduko dituzte. Argazki bakoitza atera zen lekuan izango dira, momentu hartako oroitzapenak konta ditzaten eta une hura berriro 'bizitzeko' eta gogorarazteko.

'6 Argazkitan' saioko protagonistak Juan Mari Atutxa Sabino Arana fundazioko presidentea, Anjel Mari Peñagarikano bertsolaria, Julian Retegi pilotari ohia eta Jone Goirizelaia abokatu dira.

Pedro Mari Goikoetxeak gidatuko du '6 Argazkitan' saio berria. Kiroletan trebatutako kazetaria da Goikoetxea eta Euskal Telebistan lanean dihardu sorreratik. 1991. urtetik 'Boxeo Izarrak' saioa zuzentzen du, eta bestelako kirol jardueren berriemaile lanak ere egin izan ditu urte hauetan guztietan. Egun, txirrindularitza emanaldien arduraduna ere bada. Iaz, Iribar, irudia eta eredua liburua argitaratu zuen, Jose Angel Iribarren ibilbidea biltzen duena.