Itxi

6 Argazkitan

21:30ean

Iñaki Esnaola protagonista, aste honetako '6 Argazkitan' saioan

Bere bizitzako hainbat pasarte gogoratuko ditu, tartean, duela 25 urte Madrilgo Alcala hotelean Josu Muguruza eta bere aurka izandako atentatua.

0:35

Gaur gauean, '6 Argazkitan' saioan, Iñaki Esnaola Herri Batasuneko bozeramaile ohiaren bizitza aztertuko dute, haren ibilbide politiko eta pertsonaleko argazkiak baliatuta. Josu Muguruzaren eta Iñaki Esnaola beraren kontra eginiko atentatuaren 25. urteurrena betetzear dagoen honetan, euskal politikagintza historikoaren figura esanguratsuetako baten historia gogoratuko du Pedro Mari Goikoetxeak.

Deban jaio zen 1948an eta lau anai-arrebaren artean nagusia izan zen. Aita abertzalea eta ama karlista izan zituen, eta futbola zen bere afiziorik nabarmenena. Gaztetako bere lagun minetako batekin, Sebastian Aperribairekin, garai hartako pasadizoak izango ditu hizpide eta nola oso gaztetatik letra-gizon bilakatzen hasi zen.

16 urte zituela, Donostiara joan zen bizitzera familiarekin, eta bertan burutu zituen Zuzenbide ikasketak. Hastapenetik argi zeukan bere militantzia politikoa lanbide izango zuela, eta ETAko presoen abokatu bilakatu zen. Haietako bi izango dira saioan, Carlos Sanchiz eta Gotzon Osinaga, eta 1977ko amnistia heldu arteko kartzela panoramaz arituko dira, abokatuaren eta presoen arteko harremana nolakoa zen ulertzeko.

Elena Barrena historialariarekin ezkondu zen 1975ean. Gaztetatik ezagutzen zuten elkar, baina Donostian ikasle zirela hasi zuten bien arteko erlazioa, eta bizitza erosoa ez dutela izan adierazten dute biek; izan ere, Iñaki oso gazterik hasi zen politikagintzan.

1978an Herri Batasuna sortu zuen taldearen parte izan zen. 1980an zerrendetan joan zen, eta Eusko Legebiltzarreko kide bilakatu zen lehenengo eta Madrilen diputatu gero. 80ko hamarkada gatazkatsu eta konplexuko egoera politikoaz ere mintzatuko dira Jose Mari Elosua politikari ohi eta abokatuarekin.

Tentsio handiko uneak ugariak izan ziren Madrilen igaro zituen urteetan, eta 1989ko azaroaren 20an atentatua pairatu zuen Iñakik Madrilgo Alcala hotelean. Josu Muguruza zendu zen gau hartan eta Iñaki Esnaola larriki zauritu zuten. Hilzorian egon zen egun batzuetan, baina azkenik onik atera zen. Azaroko gau hartan bizitakoa lehen pertsonan kontatuko du, tiroa jaso ondoren bere burutik igaro zena eta anbulantzia etorri bitartean hoteleko jatetxe hartan bizi izan zen egoera azalduko dizkio Esnaolak Pedro Mari Goikoetxeari.

Atentatua izan eta gero, Madrilen ez zen berriro diputatu izan eta Eusko Legebiltzarrera itzuli zen. Ordurako, Esnaolaren indarra bere alderdian ahula zen; batez ere, Aljerian, Espainiako Gobernuaren eta ETAren arteko elkarrizketak huts egin ondoren. Herri Batasunaren barnean eztabaida piztu zen ideologikoki egin beharreko urratsen inguruan, eta, desadostasunen ondorio bezala, 1991n alderditik atera zen. Hura nola bizi izan zuen ere kontatuko du.

Erretiroa hartu zuenetik, abokatu lana egiten egon da, Donostian alabarekin batera duen bulegoan. Izan duen auzi entzutetsuena Egunkaria-rena izan da. Pello Zubiria komunikabide horretako zuzendari ohia defendatu zuen bertan.

Egungo egoera politikoaren inguruko balantzea ere egingo du Esnaolak, abertzaletasunaren bilakaeraz mintzatuko da, eta ETAk bere jardun armatua utzi ondorengo panorama politikoaz.

66 urte izan arren, ez du oraindik erretiroa hartu. Halere, etxekoekin egotea asko gustatzen zaio. Bi seme-alaba izan ditu, Nora eta Eñaut, eta 3 bilobaren aitona ere bada: Martin, Ekain eta Elene. Ulia mendiaren inguruan duen etxean izango dira, familiarekin batera, tartean gaztetan futbolerako zuen abilezia oraindik ere baduen ikusten.

Gaur gauean, 21:30ean, izango da ikusgai '6 Argazkitan' saioa, ETB1en.