A ze banda
22:25ean, ETB1en
Bost talde, 'A ze banda!'n jarraitzeko lehian
Javier Muguruza musikari eta idazlea izango da asteazkeneko saioan epaimahaiaren gonbidatua.
Gaur gauean, 'A ze banda!' saioan, Javier Muguruza izango dute gonbidatu, Zuriñe Hidalgo Hesian taldeko abeslariari eta Alex Sardui Gatibu taldeko liderrari epaile-lanetan laguntzen. Hiruren artean erabakiko dute bertan arituko diren bost taldeetako zeinek utziko duen saioa.
Aurreko astean gertatu zen moduan, gaur ere, saioak berak aldez aurretik aukeratutako kantak abestu beharko dituzte bost taldeek. Horrek areagotu egin du zailtasun maila, eta lehiakideek entseguetan gogorrago egin behar izan dutela ikusiko dugu. Random hirukote bilbotarrak euskaraz abestuko du lehen aldiz, Ken Zazpiren "Itsasoa gara" abestia egokitu baitzaie; Twin Melody taldeko Paula eta Aitana Etxeberria bikiek Amy Winehouseren abesti ospetsuenetako bat kantatuko dute ("Rehab"); Sugar Beats taldeak Dirty Dancing filmeko "Time of my life" ospetsua abesteko erronkari egingo dio aurre; Irati laukotea Esne Beltzaren "Eskuekin" kantarekin arituko da laugarren saio honetan; eta The Kites taldeko bost neskak Gariren "Esperantzara kondenatua" abesti ezaguna egitera igoko dira taula gainera.
Programaren amaieran, bertan parte hartu duten bost taldeetako batek agur esan beharko dio saioari, eta lau taldek bakarrik jarraituko dute lehian.
'A ze banda!' saioa gaur gauean emitituko da, 22:25etik aurrera, ETB1en.