Aitaren etxea
Gaur, 22:25ean
Gordeta bizi den gizon bati lagunduko dio Javierrek 'Aitaren Etxea'n
EiTB
Gaurko atalean, Irenek eta Martinek elkar ikusiko dute berriz, Martinek jipoia jaso ondoren.
Modu klandestinoan bizi den lagun bati laguntzen saiatuko da Javier Celaya gaurko "Aitaren Etxea" telesaileko atalean.
Celaya hotelean lan egiten duen zerbitzarietako batek, Asuncionek, etxe barruko zulo batean ezkutatuta dauka semea, Gerra Zibilaren garaian ihes egin zuenetik. Urteak egin ditu mutilak etxeko pareten artean, eguzkiaren argia ikusi gabe.
Oraingoan, ordea, larri gaixotu da, eta Asuncionek bere nagusiari, Javierri, eskatuko dio laguntza. Egoera ikusita, muga zeharkatzea eta ospitale batean ebakuntza egitea izango da konponbide bakarra. Beraz, "beste aldera" joateko plana martxan jarriko du Javierrek.
Irenek eta Martinek elkar ikusiko dute berriz
Bitartean, Irenek etxetik irten ezinda jarraitzen du. Alkateak ez du inola ere bere alaba Martin Celayarekin ikusi nahi, eta etxetik irtetea galarazi dio. Baina Edurneren bisitak dena aldatuko du: arratsaldean dantza-saioa egongo da herriko plazan, eta Edurnek Irene eraman nahi du bertara, edo hala esango dio, behintzat, Luisi. Bere plana oso bestelakoa da, ordea: Irene eta Martin elkartuko ditu hotelean, bakarka, ihesaldi saiakeraren eta Martinek jipoia jaso ondoren, lehen aldiz.
Asteazkenero bezala, aldi berean izango da ikusgai "Aitaren Etxea" eitb.eus-en eta ETB1en 22:25ean hasita.