Itxi

Arte[faktua]

Arte[faktua]

Arte[faktua]

15:00etan

Idurre Eskisabel idazlea, gaur, 'Arte[faktua]' saioan

EITB

'Goseak janak' bere lehen poesia liburuaz arituko da saioan.

1:43

Idurre Eskisabel idazle beasaindarra izango da gaurko 'Arte[Faktua]' saioko gonbidatu nagusia. Hendaian bizi da eta beretzako kuttuna den Irandatzeko parkean elkartuko dira idatzi berri duen Goseak janak bere lehen poesia liburuari buruz hitz egiteko. Inozentziaren galera eta nortasunaren eraikuntzaren inguruan dihardu bere poemetan.

Eskisabel kazetaria eta antropologoa da. Euskal hedabide askotan, Euskaldunon Egunkarian, Berrian, Jakinen, Argian eta zenbait irratitan aritu da, eta jarraitzen du, artikulugile. Azken urteotan, irakasle lanetan dihardu, EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean. Eskafandra bilduma feministako kidea da.

Bere gonbidatua Eider Rodriguez idazlea da. Eskisabelen laguna izateaz gain, 2018ko Euskadi Literatur sarietan Euskarazko saria eta Haur eta Gazte literaturakoa jaso zituen idazle errenteriarrak Bihotz handiegia eta Santa Familia lanei esker.

Horrez gain, Manolo Martinez gasteiztarra izango da irakurlearen tartea beteko duena. Iban Zalduaren Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak ipuin liburuaz hitz egingo du berak.

Rafa Ugalde, Iñigo Astiz eta Ibon Egaña idazleek euren gustuko liburuen berri emango dute eta Mikel San Jose Athletic futbol taldeko jokalaria bere etxeko apalategian dituen liburuez mintzatuko da.

Budapestetik Eötvös Loránd Unibertsitateko euskara ikasleek, Molnár Sára, Ulicsni Viktor eta Máté Galkók, 'Arte[faktua]'ra bidalitako booktubean, Azken hitzordua, Sandor Maraik idatzi eta Xabier Olarrak euskarara itzulitako liburuaren gomendioa egingo dute.

Horrez guztiaz gain, asteroko nobedadeek, pitxiek, liburu-denden gomendioek eta Idurre Eskisabelen epilogo mamitsuak osatuko dute saioa.

'Arte[faktua]' gaur izango da ikusgai, 15:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.