Itxi

Arte[faktua]

Arte[faktua]

Arte[faktua]

Literatura

Xabier Etxeberria idazleari elkarrizketa, 13:30ean, 'Arte[faktua] saioan

EITB

Idatzi berri duen 'Berriro itzuliko balitz' nobela beltzaren inguruan arituko da idazlea.

1:18
Xabier Etxeberria

Xabier Etxeberria idazle zarauztarra da gaurko gonbidatu nagusia 'Arte[faktua]' saioan. Orion elkartu dira berarekin, batik bat, idatzi berri duen Berriro itzuliko balitz nobela beltzaren inguruan hitz egiteko. Eleberria Danimarkako uharte txiki batean kokatzen da, eta protagonista nagusiak Karlos Jaso eta Ebbe dira, alargundu ondoren alaba txikiarekin Danimarkara bizitzera joan den musikari euskalduna eta alaba desagertu zaion emakumea, hurrenez hurren.

Enpresa Zientzietan lizentziaduna da Xabier Etxeberria, baina hiru urte daramatza idazketa munduan erabat sartuta. 2001ean Igartza Saria jaso zuen Egun denak ez dira berdin nobelarekin. Guztira, lau eleberri idatzi ditu bakarka, eta beste lau anaia Martinekin batera. Elkarrekin egin dituzte haur eta gazte literaturako hainbat liburu ere. Gidoigintza eta komikigintza ere elkarrekin lantzen dituzten eremuak dira.

Martin Etxeberria anaia bikia gonbidatu du Xabierrek saiora. Elkarrekin egindako lanez gain, Martinek lau poema liburu idatzi ditu. Azkena, Winston. Narratibatik asko duen poesia egiten du, eta horren adibide garbia da liburuaren izen bereko eta aitari eskainitako poema hunkigarria.

Irakurlearen tartean, anaia bikien arreba Aitziber Etxeberriak Alaine Agirreren Kamisoi zuri zetazkoa-ren aipua egingo du.

Galdetegian, euren liburu kuttunen berri emango dute Rafa Ugalde, Katixa Agirrre eta Iñigo Aranbarri idazleek.

Aste honetako Apalategia ataleko protagonista Olatz Salvador kantautore eta musikari donostiarra da.

Maia, Elena, Aitziber eta Lorea Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitateko ikasleek egin dute aste honetako Booktubea. Gomendatuko duten liburua Danele Sarriugarteren Azala erre da.

Horrez guztiaz gain, asteroko nobedadeek, pitxiek eta Garoa, Karrikiri, Hitz eta Baionako Elkar liburu-denden gomendioek osatuko dute saioa.

'Arte[faktua]', 13:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.