Arte[faktua]
Literatura
Ana Toledo 'Artefaktua' saioko gonbidatua, gaur, 'Ardi Galdua'ren harira
EiTB
Elixabete Perez Gaztelurekin batera Resurreccion Maria Azkuek duela 100 urte plazaratu zuen lanaren edizio berritua ondu dute.
Ana Toledo Lezeta, oraintsu arte Deustuko Unibertsitateko irakasle izan dena eta Euskaltzaindiko euskaltzain osoa dena, aste honetako gonbidatu nagusia da 'Artefaktua' saioan. Resurreccion Maria Azkuek duela 100 urte plazaratu zuen Ardi galdua lanaren edizio berritua ondu du Elixabete Perez Gaztelu irakaslearekin batera, Deustuko Unibertsitateko irakaslea eta euskaltzain urgazlea ere badena. 'Artefaktua' biekin elkartu da, Donostiako unibertsitate horretan, Ardi galduaren publikazio zaharraz, berrituaz, Azkuez, euskara batuaz eta abarrez hitz egiteko.
Resurreccion Maria Azkue apaizak (Lekeitio, 1864) bi pasio zituen: musika eta euskara. Bera izan zen, beharra ikusi eta Ardi galdua gutun-eleberriarekin euskara estandarizatu baten proposamena egin zuena, 1918an. Lekeitiarra izan arren, Beterri inguruko hizkera hautatu zuen Azkuek, euskaldun guztientzat ulerterrazena iruditzen zitzaiolako. Horiek horrela, liburuko protagonista, Ardi galdua, (Medel Olazarreta) Leaburukoa da, nahiz eta Kaliforniara alde egingo duen alargundu ondoren. Euskaltzaindiaren lehen euskaltzainburua izan zen R.M. Azkue, 1919an.
Irakurlearen atalean, Deustuko Unibertsitateko Naia Begiristain ikasleak Unai Elorriaga idazlearen SPrako tranbia (Elkar) liburuaren gomendioa egingo du.
Galdetegian, euren liburu kuttunen berri emango dute Juan Kruz Igerabide, Idurre Eskisabel eta Gotzon Hermosilla idazleek.
Pantxoa Karrere Arbonako euskal kantaria da aste honetako Apalategia ataleko protagonista.
Booktubearen tartean, Jon Martinez Booktuberboom lehiaketa bitan irabazi duen gazteak Cornelia Funkeren Tinta bihotz (Elkar) hautatu du bere bideorako.
Horrez guztiaz gain, asteroko nobedadeek, pitxiek eta Garoa, Karrikiri, Hitz eta Baionako Elkar liburu-denden gomendioek osatuko dute saioa.
Hori guztia, 15:00ean, ETB1en eta eitb.eus-en.