Arte[faktua]
Literatura
Patxi Iturregi idazlea, 15:00etan, 'Arte[faktua]' saioan
EiTB
'Ur biren artean' bere laugarren liburua aurkeztuko du saioan.
Gaur, 'Arte[faktua]' saioan, Patxi Iturregi idazleak Ur biren artean (Elkar) bere laugarren liburua aurkeztuko du, Lehen Mundu Gerraren garaian Bilbon girotutako lana. Bilboko itsasontziek bandera neutrala zutenez, ez zeuden ofizialki gerran, baina gatazkak ondorio nabarmenak izan zituen hiriko ekonomian zein herritarrengan. Hamabi narrazioren bidez, garai hartako giroa fikzio bihurtu du 'Arte[faktua]' saioko aste honetako gonbidatu nagusiak.
Patxi Iturregiren gonbidatua Xabier Mendiguren idazlea eta Elkar argitaletxeko editorea izango da; "Betiko editorea eta aita pontekoa, berak deskubritu baininduen literaturen mundurako", Iturregiren hitzetan.
Eric Dicharry idazle, antropologo eta artista izango da aste honetako Artefaktu[egilea]. Donibane Lohizunera joan da saioa horren berri jasotzera.
Amaia Arriaga erandiotarrak Leire Ibarguren idazlearen Laura esaten zioten: Miren Odriozolaren borrokak (Txalaparta) liburua aukeratu du gomendatzeko.
Galdetegian, euren liburu kuttunen berri emango dute Miren Agur Meabe, Elurre Iriarte eta Ibon Egaña idazleek.
Booktuberren atalean, Mario Fernandez Nietoren bideoa izango da ikusgai: R.L. Stevensonen Altxor Uhartea. Bideo hori Galtzagorrik antolatutako II. Booktuberboom lehiaketara aurkeztu zuen egileak.
Horrez gain, asteroko nobedadeek, pitxiek eta Garoa, Karrikiri, Hitz eta Baionako Elkar liburu-denden gomendioek osatuko dute saioa.
'Arte[faktua]' gaur izango da ikusgai, 15:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.