Itxi

Arte[faktua]

Arte[faktua]

Arte[faktua]

Literatura

Sandra Labastie idazlea, 15:00etan, 'Arte[faktua]' saioan

EiTB

Bere azken eleberria aurkeztuko du idazle lapurtarrak, 'Tximeleten eternitatea'.

2:07
Sandra Labastie

Sandra Labastie idazle lapurtarra da aste honetako gonbidatu nagusia 'Arte[faktua]' literatur saioan. Biarritzen, bere sorterrian, elkartu dira berarekin, Alberdania argitaletxearekin plazaratutako eleberria (Tximeleten eternitatea) hizpide.

Sinesmen milenaristadun familia batean jaioa da bera. Parisko Sorbona unibertsitatean egin zituen goi mailako ikasketak, eta, bere esanetan, 18 urterekin konturatu zen hitzek zentzu bat baino gehiago dutela.

Mitxel Muruak itzulitako eleberria da Tximeleten eternitatea. Munduaren akaberan sinesten duen komunitate bateko partaidea da liburu horretako protagonista, 13 urteko neskatila. Hiztegi baten aurkikuntzak bizitza eraldatuko dio, eta bere bizimoduaz galderak egiten hasiko zaio bere buruari pixkanaka-pixkanaka.

Jorge Gimenez Bech Alberdaniako editorea gonbidatu du Labastiek larunbateko saiora, argitaletxe horrek ekarri baitu Tximeleten eternitatea euskarara. Horren zergatia azalduko digu editoreak. Bere hitzetan, lapurtarrak landu duen gaia ez da gure letretan jorratu ohi den gaia.

Nora Arbelbide euskal idazle eta Berria egunkariko kazetari izandakoak bere liburu kutunen berri emango du aste honetako Apalategia tartean.

Irakurlea tartean, berriz, Eric Traonmilinek Harkaitz Cano idazlearen Fakirraren ahotsa liburuaren gomendioa egingo du.

Bestalde, Galdetegia atalean, Rafa Ugalde, Joxemari Iturralde eta Angel Erro idazleek literaturaren inguruko galdera bana erantzungo digute.

Azkenik, aste honetako booktuberren atalean, Ainhoa Etxebarria Gazteako esatariak Suzanne Collinsek idatzitako Gose jokoak gazteentzako trilogiaren aipamena egingo digu.

Horretaz guztiaz gain, asteroko nobedadeek, pitxiek eta Garoa, Karrikiri, Hitz eta Baionako Elkar liburu-denden gomendioek osatuko dute saioa.

'Arte[faktua]' gaur izango da ikusgai, 15:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.