Itxi

Arte[faktua]

Arte[faktua]

Arte[faktua]

15:00etan

Dani Fano komikigilea, gaurko 'Arte[faktua] saioan

EiTB

Adur Larrea komikigilea gonbidatu du Fanok Yolanda Mendiolak gidatzen duen saiora.

1:58
Dani Fano

Dani Fano komikigilea da gaurko 'Arte[faktua]' literatura saioko gonbidatu nagusia. Donostian (bere sorterrian) elkartu gara berarekin, Astiberri argitaletxearekin kaleratutako eleberri grafikoaz solastatzeko: Miguel Marmolen hamaika eta bat jaiotzak. Zortzi urte luzez egindako lan sakonaren emaitza da liburua. Horretarako, El Salvadorren ibili zen Fano, bertako jendearen bidez beharrezko informazioa biltzen. Hamabi kapitulutan zatikatu du istorioa: hamabi birjaiotza horiei jarraituz, kapitulu bakoitzeko bat.

Dani Fano Xabiroi komiki aldizkariko zuzendaria da. Bere hitzetan, nerabe zein helduek irakur dezaketen aldizkari bat da, euskaraz eta euskal sortzaileek egina. Xabiroi-n agertzen den materiala oso sorkuntza pertsonala dela dio, egile bakoitzak nahi duena sortzen baitu, idatzi behar dutenaren inguruko eskaririk jaso gabe. 

Adur Larrea komikigilea gonbidatu du Fanok saiora. Aspaldiko laguna izateaz gain, Xabiroi aldizkarian elkarlanean aritutakoak dira. Antzara eguna eleberri grafikoa plazaratu berri du Larreak Harkaitz Canorekin batera. Azken horrek gidoia egin du, eta Larreak marrazkiak. Eleberri honetaz zein komikigintzak gaur egun Euskal Herrian duen egoeraz hitz egingo dute. 

Joseba Larretxe Josevisky ilustratzaileak bere liburu kuttunen berri emango digu aste honetako Apalat[egia]-n.

Bestalde, Irakurlea-ren tartean, Dorleta Atorrasagastik Ander Izagirreren Txernobil txiki bat etxe bakoitzean liburuen gomendioak egingo dizkigu.

Aste honetako Galdetegia-n, berriz, Juanjo Olasagarre, Jose Luis Otamendi eta Uxue Juarez idazleek literaturaren inguruko galdera bati erantzungo digute.

Antton Telleria izango dugu, gainera, larunbat honetako Booktuber-en atalean, Andu Lertxundiren Zu liburuaren aipamena egiten.

Horretaz guztiaz gain, asteroko nobedadeek, pitxiek eta Baionako Elkar, Garoa, Karrikiri eta Hitz liburu-denden gomendioek osatuko dute saioa.

'Arte[faktua]' saioa, 15:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.