Arte[faktua]
12:50ean
Karlos Gorrindo idazlea hartuko du "Arte[faktua]" saioak gaur
EITB
Sabin Ibazeta, Ixidro Etxabe, Tere Beloki eta Janitz Ancisar ere ezagutuko ditu aste honetako saioak.
-
Karlos Gorrindo, "Artefaktua"n. EITBren bideo batetik hartutako irudia.
Karlos Gorrindo idazle gernikarra izango dugu gonbidatu aste honetako "Arte[faktua]"n. Bere helduentzako laugarren liburua eman du argitara, Funanbulistaren beldurra, Erein argitaletxearen eskutik. Kartzelan emandako hamasei urteak gogoratu ditu bertan. Euskal gatazkako bere esperientziaz, idazketa prozesuan orainaldira ekarritako sentipenez edota oraindik espetxeratuta daudenen etorkizunari buruz arituko da saioan, besteak beste.
Sabin Ibazeta irakaslea batuko da Yolanda Mendiola eta Karlos Gorrindoren arteko solasaldira. Lagunak izateaz gain, Gernika Batzordeko kideak dira biak. Bertan, bonbardaketa ikertzeko ikas materiala sortzearekin batera, memoria historikoa lantzen dute.
Aste honetan, Irakurlearen tartean, Ixidro Etxabek Jon Miranderen Haur besoetakoa liburua gomendatuko digu.
Bestalde, Tere Beloki Euskadi Irratiko esatariak, testu bat prestatzerako orduan kontuan hartzen dituen alderdiez hitz egingo digu Irakurketa artea atalean.
Horretaz gain, Janitz Ancisar Gipuzkoako Booktuberboom lehiaketako publikoaren saridunak, Magali ez dago bakarrik liburuaren inguruko booktubea eskainiko digu.
Hau guztia, saioa osatzen duten Galdetegia, pitxiak, nobedadeak eta liburu-denden gomendioekin batera, "Arte[faktua]"n, gaur, 12:50ean, ETB1en eta eitb.eus-en.