Arte[faktua]
12:55ean
Itziar Diez de Ultzurrun itzultzaileari elkarrizketa, gaur, "Arte[faktua]" saioan
EITB Media
Euskarara ekarri duen azken itzulpena, Hannah Arendt idazle alemaniarraren 'Indarkeriaz' saiakera, izango du mintzagai gonbidatuarekin Yolanda Mendiolak.
Itziar Diez de Ultzurrun itzultzaile iruindarra izango da, gaur, "Arte[faktua]" saioko gonbidatu nagusia. Hannah Arendt idazle alemaniarraren Indarkeriaz saiakera da euskarara ekarri duen azken itzulpena Katakrak argitaletxearen eskutik. Argitaletxeko editorea den Etxartek XX. mendeko pentsalari handienen artean kokatu du liburuaren egilea, zeinak indarkeriari buruzko analisia egin zuen 1970. urtean argitaratutako lan honetan. Diez de Ultzurrunek Arendten liburuak proposatu dizkion hausnarketei buruz hitz egingo du Yolanda Mendiolarekin batera Iruñeko Baluarte Jauregian.
Fermin Zabaltza itzultzailea gonbidatu du saiora Diez de Ultzurrunek. Batetik, lankideak direlako Nafarroako Gobernuko Itzulpen Zerbitzuan; bestetik, Eizie elkarteko kideak direlako eta, batez ere, literatur itzulpengintzarekin duten loturarengatik. Zabaltza Katakrak argitaletxeak kaleratutako Leslie Feinberg idazlearen Mari-mutil handi baten bluesa liburuaren itzultzailea ere bada.
Bestalde, saioa Aldudera hurbildu da Dom Campistron egile baxenabartarraren lantegira, Campistron eta haren lana gehiago ezagutzeko asmoz.
Naroa López de Arkaute irakurle donostiarrak May Sarton idazlearen Anhelo de raíces (Gallo Nero) liburuaren gaineko bere iritzia azalduko du.
Booktubearen ataleko bideoa Desirée Sancho Rayok egindakoa da. Desirée Barakaldoko Minas BHI ikastetxeko ikaslea da, eta aukeratu duena Irati Jimenezen Nora ez dakizun hori (Elkar) liburua da. Egileak bideoa 2020ko Galtzagorri Booktuberboom lehiaketara aurkeztu zuen.
Hori guztia, saioa osatzen duten beste atalekin batera, gaur, 12:55ean, ETB1en eta eitb.eus-en.