Batek daki
Estreinaldia
Aitziber Garmendiaren zalantza existentzialak, 'Batek Daki' saioan
A.E.|EiTB
Amatasunaren inguruan sortzen zaizkion kezkak argitzen saiatuko da gaur gauean eskainiko den lehen atalean.
Gaur gauean, ETB1en, barne produkzio apustu berria izango dugu Aitziber Garmendia aktorearen eskutik: 'Batek Daki' saioa. Garmendiak 30 urteak eginda ditu dagoeneko, eta bizitzako zalantza existentzialak sortu zaizkio. Ama izan nahi du edo ez? Bere gorputzarekin kontentu dago edo ez? Zoriontsu da? Zer da zoriontsu izatea? Hamaika galdera egingo dizkio bere buruari.
Saio bakoitzean bere zalantza handi horietako bati erantzuna bilatzen saiatuko da. Horretarako, gai bakoitzeko ikuspuntu ezberdinak ezagutu ditu. Elkarrizketak, ekintza konkretuak, une oroko bere pertzepzioak... jasoko ditu saioak, betiere Aitziber Garmendiak duen umore ukitu bereziarekin.
Aitziber aktore lanetan ikusi dugu orain arte; batik bat, telebistan. 'Zuek Hor' saioan aritu da orain gutxi hainbat pertsonaia hezurmamitzen. Aurretik, 'Martin' telesailean aritu izan zen, eta bertan egin zen bere lana ezagun. Aurkezle lanetan, berriz, 'Ipupomamua' ipuinei buruzko saioa gidatzen ikusi genuen.
Lehen atalean, 'Haurrak Batek Daki'
'Batek Daki' saioa amatasunaren inguruan arituko da lehen atalean. Aitziber Garmendia aktore eta aurkezleak zalantzan du ama izan nahi ote duen edo ez. Bere lagun guztiak eta inguruan duen jende asko guraso izaten ari dira azkenaldian, eta berak ez daki amatasunari aurre egiteko gai izango ote den edo ez.
Horretarako, amatasunaren eta bereziki haurren munduan murgilduko da saio honetan, honako atal hauek banan-banan sakonduz:
Bost: bost seme-alaba dituen familia ugari batekin egongo da Azpeitian.
Erabakia: ama ez izatea erabaki duen emakume gazte batekin elkartuko da.
Eman hazia: esperma emateko zentro batera bisita egingo du. Bertako mediku batekin intseminazioaz arituko da, baita semen-emaile batekin ere.
Haur fabrika: Reborn izeneko haurrak egiten dituen emakume batekin hitz egiten arituko da. Panpina hauek haurrak ordezkatzeko erabiltzen dira?
Adur: aurkezleak urte beteko haur bat zaintzen igaroko du arratsalde bat. Zer moduz moldatuko ote da?
Saio osoan zehar, bakarrizketa gisara, gaiaren inguruan dituen aurreiritziez arituko da Aitziber Garmendia bera, eta bere pertzepzioak azalduko ditu, une oro, umorez.
'Batek Daki' gaur gauean, 22:20ean, estreinatuko da eitb.eus-en eta ETB1en.
.