Berandu baino lehen
22:00, ETB1 eta eitb.eus
Alex Txikon eta Toti Martinez de Lezea, 'Berandu Baino Lehen' saioan
A.H. | EITB
Txikonekin heriotzaz eta bizitzaz arituko da Fermin Etxegoien, eta Toti Martinez de Lezearekin bere ibilbidearen hainbat sekretu argituko ditu.
Gaur gauean, Fermin Etxegoienek bi gonbidatu ospetsu elkarrizketatuko ditu 'Berandu Baino Lehen' saioan: Alex Txikon mendigoizalea eta Toti Martinez de Lezea idazlea.
Alex Txikonekin jaioterrian, Lemoan, elkartu da Fermin, Nanga Parbat munduko bederatzigarren mendirik altuena eskalatzera joan aurretik. Bertan, zeroz azpitik 30 gradu dituzte egunotan. Neguko espedizioez eta bizitzaz eta heriotzaz hitz egingo du Txikonek 'Berandu Baino Lehen' programan.
Bigarren partean, Larrabetzura joan da Etxegoien, Toti Martínez de Lezea elkarrizketatzera. Milaka ale saltzen dituen idazle hau euskaraz arituko da Euskal Telebistan lehenengo aldiz. Hainbeste euskaldun berri bezala, zailtasunez zailtasun beren ideiak adierazten saiatuko da egile gasteiztarra. Bere etxebizitza berezi-berezia erakutsiko dio Fermin Etxegoieni, eta ezusteko hainbat adierazpen botako ditu; adibidez, Planeta saria irabazteari ezetz esan diola behin baino gehiagotan.
'Berandu Baino Lehen' ostegunetan izaten da ikusgai, 22:00etatik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.