Itxi

Biba Zuek

Biba Zuek

Biba Zuek

18:00etan

Nøgen musika taldearen doinuak eta Gaztea Maketa Lehiaketa, gaur arratsaldean, "Biba Zuek" saioan

EITB Media

Markel Idigoras eta Alex Irazusta Nøgen taldeko kideak platoan izango dira. Aurretik, aurten 30. edizioa beteko duen Gaztea Maketa Lehiaketa izango dute hizpide; zenbaki biribil hori ospatzeko, Ainhoa Vitoria eta Xabin Fernandez Gazteako irrati esatariak gonbidatu dituzte saiora.

  • Nøgen taldea eta Gazteako kideak 'EH Sukarra' abestiaren bertsioa grabatzen

    Nøgen taldea eta Gazteako kideak 'EH Sukarra' abestiaren bertsioa grabatzen. Argazkia: EITB Media

Musika izango da ildo nagusia gaur "Biba Zuek" saioan. Izan ere, saioaren lehen orduan Gaztea Maketa Lehiaketaz arituko dira eta, ondoren, Nøgen taldea izango dute protagonista.

Hala, Donostiako musika taldea osatzen duten Markel Idigoras eta Alex Irazusta izango dira asteazkeneko gonbidatu nagusiak programan. Euskal musikagintzan arrakasta handia lortu duen talde gaztea da Nøgen, eta bere ibilbide oparoaz hitz egingo dute taldekideek Maddalen Arzallusekin eta Xabier Sukiarekin.

Saioaren lehen orduan, berriz, Gaztea Maketa Lehiaketaz ariko dira. Lehiaketak 30. edizioa du aurtengoa eta, zenbaki biribil hori ospatzeko, Ainhoa Vitoria eta Xabin Fernandez Gazteako irrati esatariak gonbidatu dituzte. Biekin, maketa lehiaketaren ibilbidea errepasatuko dute. Hain zuzen ere, EH Sukarra eibartarrak izan ziren Maketa Lehiaketa irabazi zuten lehenak eta lehiaketaren 30. urteurren hau ospatzeko, Nøgen taldeak "EH Sukarra" abestia moldatu eta bideoklipa grabatu du Gazteako hainbat aurpegi ezagunekin batera.

Zalantza barik, musikaz beterik dator "Biba Zuek", Agus Barandiaran trikitilariak ere platoa bisitatuko baitu. Jon Garate bere artxibo bihurriarekin etorriko da, eta Aritz Ganboa artzainak Arruazutik Miramongo bidea hartuko du Maddalenekin eta Xabierrekin egoteko.

"Biba Zuek!" astelehenetik ostiralera dugu ikusgai, 18:00etatik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.