Bisitaria
22:30ean
Iñaki Perurenarekin, gaurko 'Bisitaria'n
EITB
Harrijasotzaileak Tuterako ikastolara, Nafarroa Oinez antolatuko duen ikastolara, eramango du Xabier Euzkitze, eta Leitza, bere jaioterria, erakutsiko du kameren aurrean.
Iñaki Perurena handiarekin egongo da 'Bisitaria' aste honetan, bera eta harriaren arteko harreman berezi hori hurbilagotik ikusi eta ulertzeko asmoarekin. Azken urteotan aktore lanetan dabilen arren, bere pasioa harrijasotzea da, orain 40 urte harriarekin maitemindu eta amodio hori indartu egin delako.
Euskara ere zainetan darama, eta euskara bultzatzeko laguntza behar den tokian, han dago Perurena, euskararen laguntzaile leiala. Eta oraingoan Tuterako ikastolara hurbilduko dira, aurten Nafarroa Oinez bertan antolatzen delako, eta guztion babesa ezinbestekoa dutelako. Tuterako kaleetatik oso gustura ibiliko dira, baina ezin bere herri kuttunarekin konparatu. Leitzak indar berezia du, gure protagonistak bezala. Han bere egunerokotasuna erakutsiko du Perurenak. Familiarekin batera harategia eta Peru Harri parkea zuzentzen ditu: sorgin, kondaira eta misterioz inguratutako leku benetan zoragarria, harrijasotzaileak sortutakoa.
'Bisitaria' gaur gauean emitituko da 22:30ean, ETB1en.