Itxi

DantzanGo!

DantzanGo!

DantzanGo!

Lehiaketa berria

'DantzanGo!' talent showaren lehen atala, gaur gauean, ETB1en eta eitb.eus-en

EITB

Zuriñe Hidalgok aurkeztuko duen saioan Euskal Herriko hamasei dantza talde lehiatuko dira, zortzi pertsona ezagunekin batera.

0:18

Euskal Telebistak 'DantzanGo!' dantzaren inguruko talent show berriaren lehen atala emango du gaur gauean. Zuriñe Hidalgok gidatuko duen saio honetan, hamasei dantza taldek hartuko dute parte, eta pertsona ezagunekin batera lehiatuko dira, adituen epaimahai baten aurrean euren koreografia ahalik eta ondoen egiteko. Estilo ezberdinetan dantzatzen duten taldeek parte hartuko dute lehiaketan: street dance, hip hop, break dance, euskal dantzak, dantza modernoa, klasikoa, balleta, sabel-dantza...

Zortzi pertsonaia ospetsu ere arituko dira saioan: Iñigo Txapelpunk, Iker Villa, Manu Maritxalar, Mitxel Santamarina, Miren Arrieta, Tania Dosousa, Ylenia Baglietto eta Ainara Ortega. Bakoitzak dantza talde batekin prestatuko du emanaldia, astero talde ezberdin batekin, eta, dantzatzeaz gain, abestu ere egin beharko dute. Ospetsuek eta taldekideek elkarlana egin beharko dute, astero-astero ikuskizun bat eskaintzeko.

Saio bakoitzean, talde irabazle bat eta kanporatu bat egongo da, eta berri bat sartuko da kanporatuaren ordez. Horrela, lau dantza talde iritsiko dira finalera, eta irabazle nagusi bat egongo da azkenean. Talde irabazleak 'Go!azen' telesail arrakastatsuaren hurrengo denboraldian dantzatzeko aukera izango du.

Hiru dantza adituk osatuko duten epaimahai batek erabakiko du asteroko puntuazioa, eta horien eskuetan egongo da saioko irabazlea eta kanporatua aukeratzea. Ainhoa Etxebarria Gazteako esatariak, Paula Bujanda dantzari ohi eta dantza irakasleak eta Asier Zabaleta dantzari ohi eta koreografoak osatuko dute epaimahaia.

Asteazkenetan (22:30) eta ostiraletan (21:00) izango da ikusgai 'DantzanGo!', eitb.eus-en eta ETB1en.