Debatea
22:15ean
Athletic eta Osasuna Bruselaren susmopean, 'Debatea'n
A.H.
EITB
Europako Batzordeak Athletic Clubi eta Osasunari irekiko dien espedienteaz mintzatuko dira "Debatea"n. Horrez gain, Euskal Selekzioaren ofizialtasunaz eta Igeldoren desanexioaz arituko dira solasean.
Igeldo Gipuzkoako 89. udalerri bihurtu da. Horrela erabaki du Gipuzkoako Foru Aldundiak 2013ko azaroaren 10eko herri galdeketaren emaitzetan oinarrituz. Igeldoko herritarren % 61,38k independentziaren alde egin zuen, eta % 36,73k aurka. Gipuzkoako Foru Aldundiak erabakia iragarri eta berehala, erreakzioak izan dira; erabaki horren alde eta kontra daudenenak, alegia. Eneko Goia Donostiako Udaleko EAJko zinegotzia; Denis Itxaso Donostiako Udaleko PSEko zinegotzia eta Axier Jaka Donostiako Udaleko Partaidetza zinegotzia arituko dira gaiaz hitz egiten.
Athletic eta Osasuna, Bruselaren susmopean
Europako Batzordeak Athletic Clubi eta Osasunari ez ezik Espainiako Ligako beste bost futbol talderi ere espedientea irekiko diela iragarri dio Espainiako Gobernuari, legez kanpoko diru-laguntza publikoak jasotzea egotzita. Horren harira, Europar Batasunak abian jarritako ikerketaz Garcia-Margallo ministroak esandakoaz arituko dira "Debatea"n, baita Josu Urrutia Athelticeko presidenteak emandako prentsaurrekoaz ere.
Halaber, Espainiako selekzioak San Mamesen jokatuko luke, Bilbo 2020ko Eurokoparako egoitza izendatuz gero eta Espainiako taldea Eurokoparako sailkatuko balitz. UEFAk iragarritakoa gertatuko balitz, Espainiako selekzioak San Mames futbol zelai berrian gutxienez bi partida jokatuko lituzkeen usteak ika-mika sortu du futbolzaleen artean.
Azkenik, datorren abenduaren 28an San Mamesen izango den euskal selekzioaren eta Peruko futbol taldearen arteko partidaz arituko dira. Zein neurri hartu dira iazko istiluak aurten errepikatu ez daitezen? Noizko euskal selekzioaren ofizialtasun osoa? Eta, futbolean ez ezik, lortuko al da inoiz ofizialtasuna beste kirol motaren batean? Galdera ugari eta iritzi kontrajarri anitz. Horretarako, besteak beste, Pedro Mari Goikoetxea, ETBko kirol kazetaria; Martxelo Toledo, ESAITeko kidea; Juan Karlos Latxaga, Deia-ko kirol kazetaria; Luis Haranburu Altuna, idazlea; Natasha Vergara, futbolari, klub eta agenteen aholkulari juridikoa; eta Jon Esturo, Euskal Herria Kirola elkarteko kide eta emakumezko futbol taldeko entrenatzailea.
"Debatea", 22:15etik aurrera, ETB1en.