Itxi

Debatea

22:15ean

Tortura hizpide, gaur, 'Debatea'n

A.H.

EITB

Eusko Jaurlaritzak eskatu duen torturaren azterlanaz eta elkarbizitzaren alorrean sinbologiak duen garrantziaz arituko dira, besteak beste.

0:09

Eusko Jaurlaritzako Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritzak torturaren inguruko azterlan bat egiteko enkargua egin dio Paco Etxebarria auzi medikuari. 1960. eta 2010. urteen artean Euskadin izandako tortura salaketak aztertuko ditu azterlan horrek. Zenbat tortura kasu izan dira Euskadin? Tortura sistematikoa izan da edo salaketa guztiak ez dira sinesgarriak? Zer egin behar da torturak amaitzeko? Galdera hauen guztien erantzuna bilatzen ahaleginduko dira 'Debatea' saioko solaskideak gaur gauean.

Horrekin batera, sinbologiari buruz ere hitz egingo dute. Adolfo Suarezen heriotza dela eta, Donostiako Udalean Espainiako banderarekin eta minutu bateko isilunearekin lotutako polemikak arreta piztu du. EAEko fiskalak diligentziak hasi ditu Garitano eta Izagirreren kontra, dolua ez betetzeagatik. Elkarbizitzaren gaian aurrera egiteko, zeinbateraino da garrantzitsua sinbologiaren inguruan ere oinarrizko akordio batzuk lortzea?

Xabier Usabiagak gidatuta, honako solaskide hauek hartuko dute parte saioan: Jose Luis Elortza antropologoa, Garbiñe Biurrun magistratua, Andoni Unzalu informatikaria, Galder del Campo abokatua, Karmelo Landa EHUko irakaslea, Maribel Vaquero EAJko legebiltzarkidea, Lorea Bilbao Torturaren Aurkako Taldeko abokatua eta Xabier Gurrutxaga abokatua.

'Debatea' gaur emitituko da, 22:15etik aurrera, ETB1en.