Debatea
22:45ean
Europako hauteskunde lurrikaraz, gaurko 'Debatea'n
A.H.
EITB
Igandeko hauteskundeen emaitzak aztertuko ditu Xabier Usabiagak gidatzen duen solasaldiak.
Europako hauteskundeek ondorio garbia utzi dute: Euskal Herriko bi alderdi abertzaleek, EAJk eta EH Bilduk, atzean utzi dituzte alderdi konstituzionalistak, PP eta PSE-EE. Subiranotasunaren aldeko apustua egin al dute euskal herritarrek?
Espainiako Estatuan, berriz, PPren eta PSOEren gainbehera nabarmena izan da, eta azken emaitzek dimisioak ekarri dituzte Alderdi Sozialistan: Alfredo Rubalcaba, Roberto Jimenez eta Patxi Lopez. Alderdi-bitasunaren gainbehera al da? Alderdi-bitasuna bukatu egin al da?
Halaber, Europako herrialdeetan sekulako emaitzak lortu dituzte Europar Batasuneko erakundeetan sinesten ez duten alderdiek. Europako herritarrek estutasunean jarri al dute Europar Batasuna?
Galdera horiek guztiak erantzuten saiatuko dira gaurko 'Debatea' saioan. Xabier Usabiagak honako solaskide hauek izango ditu, gai horiei buruz eztabaidatzeko: Xabier Barandiaran soziologoa, Karmelo Landa EHUko irakaslea, Andoni Unzalu informatikaria, Joseba Sobrino analista politikoa, Luis Haranburu Altuna idazlea, Olaia Duarte EH Bilduko Gazteria Taldeko kidea eta Vanessa Velez Lasarte-Oriako PPko zinegotzia.
'Debatea' gaur gauean emitituko da, 22:45etik aurrera, ETB1en.