Itxi

Debatea

22:25ean

Nafarroan sumatzen den egoera politiko berriaz, gaurko 'Debatea'n

A.H.

EITB

Yolanda Barcinaren erabakiaren ondoren, gainerako alderdi guztiek eta UPNk berak hartuko duten bideaz arituko dira solasean.

0:09

Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteak 2015. urteko foru hauteskundeetan UPNren zerrendaburua ez dela izango iragarri zuen astelehenean. Ezustean etorritako erabaki honek Nafarroan utzi duen egoera politikoa aztertuko du Xabier Usabiagak aurkeztutako 'Debatea' saioak gaur gauean.

Nafarroako Alderdi Sozialistarekin zuen gobernu-akordioa apurtu zuenetik, legealdi gogorra izan du Barcinak. Izan ere, bere alderdiaren baitan ere aurkitu ditu aurkakoak, Miguel Sanz Nafarroako presidente ohia tartean. Askoren iritziz, Barcina ez da pertsonarik egokiena sozialistekin hautsitako zubiak berriz ere eraikitzeko.

Finean, Foru Erkidegorako balizko gobernu aldaketaren aukera zurrundu egin da azken urteotan, betiere, oposizioan dauden gainerako alderdi politikoek bide bakarra eginez gero. Hartara, 'Debatea'ren abiapuntuan Nafarroa hartuko dute hizpide, galdera honi erantzuteko: euskal alderdi abertzaleen garaia iritsi al da Nafarroa Garaian?

Solasaldi honetara hauek gonbidatu dituzte: Begoña Sanzberro UPNko kidea, Patxi Zabaleta EH Bilduko kidea, Manuel Aierdi Geroa Baiko kidea, Joseba Ezeolaza Batzarreko kidea, eta Juan Kruz Lakasta eta Ibai Fernandez kazetariak.

Bestalde, Diru Sarrerak Bermatzeko Errentari buruz ere arituko dira ETB1eko saioan. Javier Maroto Gasteizko alkateak epailearen aurrean deklaratu du gaur, gai honi buruz esandakoak argitzeko. Marotok esan zuen etorkin askok errenta hau baliatzen duela lanik ez egiteko. Arrazistak al dira Marotoren adierazpenak? Gaiaz hitz egiteko, Esteban Antxustegi EHUko Filosofía Moral eta Politikoko irakaslea, Duñike Agirrezabalaga prokuradorea, Iban Gonzalez Filosofia irakaslea eta Galder del Campo abokatua bilduko dira solas-mahaira.

'Debatea' gaur izango da ikusgai, 22:25etik aurrera, ETB1en.