Edozein Herriko
ESTREINALDIA
Jairik jai aurtengo udan, "Edozein Herriko..." saio berriaren eskutik
EITBMEDIA
Astelehenetik ostegunera, gauero, Julian Iantzik gure herrietako festen giro aparta ekarriko du. Gainera, Iruñea, Gasteiz, Donostia eta Bilboko jai nagusietako su artifizialen zuzeneko emanaldi bereziak egingo dituzte.
ETB Euskal Herriko jaietako eta udako giroko erakusleiho bihurtuko da aurtengo udan. Ekainaren 20tik hasita eta uda guztian zehar, herriz-herri eta jairik-jai ibiliko da Julian Iantzi "Edozein Herriko..." programa berrian. Egunero, zuzenean, 21:30etik aurrera, ordubeteko saioan, festen alaitasuna jasotzeko konexioak, gonbidatu bereziekin elkarrizketak, erreportaje bereziak eta giro ona barra-barra eskainiko dute.
Ekainaren amaieratik irailaren hasierara, "Edozein Herriko..." saioaren estudio mugikorra euskal geografian zehar alderik alde ibiliko da. Publiko guztiarentzat, alaitasunez eta umore onez beteta dator Julian Iantziren saio berria. Gure herrietako eta hirietako plazetan ospatuko diren jaien berri emateaz gain, jai giroan murgiltzeko, osagai nagusi izango dituzte musika emanaldiak, lagun ezagunekin solasaldiak, jolasak, erronkak, eta, batez ere, erreportaje bereziak eta zuzeneko konexioak.
Julian Iantzi, 'Edozein Herriko...' saioko aurkezlea
Telebista plato ibiltarian hartuko ditu Julian Iantzik hamaika lagun, tartean, aktoreak, kirolariak, bertsolariak, telebistako aurkezleak, musikariak eta beste aurpegi ezagun ugari. Euren herriko jaiak nola bizi dituzten azaltzeaz gain, pasadizo pertsonal dibertigarriak ere kontatuko dituzte. Egunero, ezustekoak eta sorpresak prestatuko ditu programak gonbidatuentzat.
Gainera, "Edozein Herriko..." saioak lau kazetari bidaliko ditu jaiak ospatzen dituzten bazter eta txoko guztietara. Zuzeneko konexioen eta erreportaje alaien bidez, ekitaldi garrantzitsuenei eta kaleko ekintza eta protagonista nabarmenei jarraipena egingo diete: barraketako feriante xelebreena, hondartzako sorosle maitagarriena, sukalki txapelketetako txapeldunak, dantza-koreografiarik onena prestatu duen koadrila, etab.
Datorren astelehenean, saioko set ibiltaria Zarautzen estreinatuko dute. Ondoren, beste herri eta hiri ugari bisitatuko dituzte, tartean, Iruñea, Bermeo, Gasteiz, Hondarribia, Bilbo, Donostia edota Getaria.
'Edozein Herriko...' udako saio berria
Su artifizialak, zuzen-zuzenean
Halaber, "Edozein Herriko..." programa hiriburuetako aste nagusietara gerturatuko da jaien giroa bertatik bertara jasotzeko. Horrekin batera, bueltan izango dira gaueko suen zuzen-zuzeneko emanaldiak. Su artifizial ikuskizunak eskaintzeko, bi ordutako saio bereziak eskainiko ditu ETB1ek.
Iruñeko sanferminak, Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaiak, eta Donostiako eta Bilboko aste nagusiak gertu-gertutik biziko ditu Julian Iantzik. Saioko setean, su artifizialetan adituak diren gonbidatuen iritziak eta epaiak bilduko dituzte, eta aurkezleak zein ikus-entzuleek su ikuskizunei puntuak emateko aukera izango dute.