EH Zuzenean
Sara Gandarak aurkeztuta
100 saio beteko ditu gaur 'Euskal Herria Zuzenean' saioak
A.E.
EiTB
Irailean hasi zuen bere bidea saioak. Egunero dago ikusgai, Sara Gandarak aurkeztuta, Euskal Herri osoko gaurkotasuna bertatik bertara jarraitzen duen saioa.
-
Sara Gandara
100 saio beteko ditu 'Euskal Herria Zuzenean' saioak gaur, ETB1eko programazioan. Euskarazko programazioaren apustu honek kilometro pila egin du irailetik hona, gure lurralde guztiak bazterrik bazter bisitatuz.
Denbora honetan guztian, 1.400 erreportaje eta 225 zuzeneko egin ditu programaren lan-taldeak, denetariakoak. Bizkaia, Gipuzkoa, Araba, Nafarroa, Lapurdi, Zuberoa eta Behe Nafarroako herri ugaritan egon dira berria hurbiletik jarraitzeko. Lan-talde zabalak ekartzen digu bertan jazotzen denaren berri. Zokorik zoko dabiltza erreportari hauek guztiak: Ibon Gaztañazpi, Joseba Olagarai, Iker Zabala, Marta Elvira, Asier Otegi, Lierni Agirrezabala, Aitor Perez, Nahiara Gago, Guillaume Irigoyen, Nerea Olaso eta Igor Emery.
Gustura daude lana egiterakoan jendeak egiten dien harreraz. "Euskara ondo hitz egiten dutenek naturaltasunez parte hartzen dute, eta hizkuntzarekin arazoak dituztenak ahalegindu egiten dira parte hartzeko. Bilbon eta Gasteizen euskara ez dela praktikatzen esaten da, baina mito hori gezurra dela esan behar dugu", diote. Bitxikeri bezala, sarritan zuzenekoa egiten ari direnenan, notizia noiz emango den galdetzen dietela esan digute.
Gertakariak, auzokideen kexak, pertsonaia ospetsuak, udalen ekimenak, jaiak eta ospakizunak... Horiek guztiak eta herritarren arreta pizten duten beste zenbait gai izan ohi dira saioaren ardatz.
Saioa aktualitateari lotuta dago, eta normalean grabaketa guztiak emisio egun berean egiten dituzte. "Egunero 15 berri inguru aukeratzen ditugu, eta egunean zehar ateratzen diren berriak ere jarraitzen ditugu". Grabazio ugari egiten dutela diote, saioa osotzeko. "Irudimenari gogor ematen diogu, berria atera eta sortzeko".
Gaurko saio honetan, besteak beste, inauterietan murgilduko dira. Tolosari bisita egiteaz gain, astelehen eta asteartean Euskal Herrian inauteriak ospatzen dituzten leku ezberdinetatik emango dute berri.
'Euskal Herria Zuzenean' saioa 19:15ean dago ikusgai astelehenetik ostiralera ETB1en, Sara Gandarak aurkeztuta.