Eitb Kultura
Kultura Agenda
Belakoren musika, aste honetako 'EITB Kultura'n
A.H.
EITB
Musika nobedadeen artean, The Longboards taldearen disko berria aurkeztuko du saioak.
Belakok bere lehenengo lana kaleratu du, Eurie diskoa, soinu retrofuturista, punk rock eta elektronikaren giro epelez osaturiko lana. Mungiako laukoteak Gazteako Maketa Lehiaketa irabazi zuen 2012an. Aste honetan, "EITB Kultura"n izango dira euren ibilbide musikalaren berri emateko. Ibilbide laburra izan arren, arrakasta handia lortu du talde gazteak.
Saioak gainera, beste musika nobedade bat aurkeztuko du, izan ere, The Longboards taldeak Insane deituriko disko berria dauka esku artean. 13 abestiz osatuta, energiaz, abiaduraz eta inprobisazioaz beteriko diskoa aurkeztuko du Barakaldoko hirukoteak apirilaren amaiera aldera. 'EITB kultura' aurreratu nahi izan da, eta taldearen musika ezagutuko du, laugarren LParen doinuak entzunez.
Bestalde, "EITB Kultura"k Donostiako Koldo Mitxelenara hurbilduko da, Amable Ariasen liburutegia ezagutzeko. 25000 marrazki eta notekin osaturiko 429 liburuk osatzen dute bilduma, eta artistaren lan piktorikoa biltzen du bere osotasunean.
Amaitzeko, Iluna produccionesek Cerdo Agridulce lana aurkeztuko du. Jatetxe txinatarrentzako izoztutako produktuak banatzeaz arduratzen diren lau langileren istorioa da. Lanak gizarte gaiak lantzen ditu, Nafarroako konpainiaren umore ukituarekin. Miguel Goikoetxandia, egile eta zuzendaria, antzezlanaren ezaugarriez arituko da 'EITB Kultura'n.
"EITB Kultur"' astelehen honetan emitituko da 23:45etik aurrera ETB-1en, eta 01:15ean ETB-2n.