Eitb Kultura
ETB1en eta ETB2n
Borja Cobeagaren 'El negociador' filmaz, aste honetako 'EiTB Kultura'n
A.H.
EITB
Besteak beste, Gaztea Cover abesti bildumaren berri emango du saioak, Gazteako 'B Aldea' saioak bultzatutako ekimena.
-
Borja Cobeaga
Borja Cobeagaren proiektu berria ezagutuko du aste honetako 'EiTB Kultura-Transit' saioak. Zine zuzendari moduan bere hirugarren filma grabatzen ari da, El negociador, eta bere aurreko lanetan bezala, euskal gatazka politikoa hartu du ardatz. 2006. urtean Jesus Egiguren sozialistak ETAko ordezkariekin Ginebran eta Oslon izan zituen bilera eta negoziazioetan oinarritzen da pelikula. Kontu handiz landu beharreko gaia da, eta Cobeagak umorez lantzea erabaki du berriz ere.
Bere abentura berri honen inguruan arituko da zinegilea 'EiTB Kultura-Transit' saioan, eta bai zinegile zein gidoilari moduan izandako ibilbide arrakastatsua errepasatuko du. Pelikulan parte hartuko duten aktoreek ere El negociador proiektuaz hitz egingo dute: Ramon Bareak (Jesus Egigurenen paperean), Josean Bengoetxea (Josu Ternera) eta Carlos Areces (Thierry).
Programak, gainera, Kukairen azkeneko lana ezagutuko du: Gelajauziak. Dantza konpainiak Cesc Gelabert Kataluniako koreografo ospetsuaren kolaborazioa izan du lan berri honetan.
Amaitzeko, 'EiTB Kultura-Transit' saioak Gaztea Cover abesti bertsioen bilduma ezagutuko du. Gazteako 'B Aldea' saioak bultzatutako ekimena da eta Ainhoa Urretabizkaia irrati esatariak aurkeztuko du.
'EiTB Kultura-Transit' gaur gauean emitituko da ETB1en eta ETB2n.