Itxi

Eitb Kultura

Eitb Kultura

Eitb Kultura

ETB1en eta ETB2n

Esther Ferrer artistarekin, gaur gauean, 'EiTB Kultura Transit' saioan

EITB

Gainera, Josean Bengoetxea aktorearen kultur proposamenak eta Irantzu Lekue artistaren lana bilduko dute saioan.

  • Esther Ferrer artista

    Esther Ferrer artista. Argazkia: EITB

Esther Ferrer artista donostiarra aitzindari eta erreferentea da performance-aren munduan. Duela 50 urte ekin zion bide horri, baina arte plastikoetan ere lan oparoa egin du. Denboraren, espazioaren eta hutsaren ideiek lotzen dute bere lana, eta orain Tabakalerak bere bi alorrak uztartzen ditu erakusketa batean. Zenbaki lehenekin egiten jarraitzen duen lana eta 60ko hamarkadako performance lanak biltzen dira bertan. Gaurko 'EiTB Kultura Transit' saioan Ferrerekin izango dira, ikuslearen interpretazioaz, merke lan egiteaz eta emozio ezaz hizketan.

Josean Bengoetxearen proposamenak

Josean Bengoetxea aktoreak John Coltrane entzuten eraman gaitu Egia auzoko Bukowski tabernara. Eta han hitz egin digu bere kultur proposamenez.

Nola ez, Bukowskiren poesiaz aritu da, baita Sarrionandiarenaz ere. Filmetan, Apocalypse now eta Maider Oleagaren Muga deitzen da pausoa izan ditu hizpide; eta, musikan, Ander Garciaren Hiru diskoa.

Irantzu Lekue Sortzailea

Irantzu Lekue diziplina anitzeko artista da. Bideo-artea, instalazio artistikoak, margolanak eta muralak sortzen ditu, 'artibismoa'ren bidez gizartean eraginez. Salaketa eta memoriarako tresnatzat du artea Lekuek.

Horren adibide da auzolanean sortzen ari den Ongietorria horma irudi erraldoia. Proiektu honetan lanean harrapatu dute, eta bere bigarren etxera, ArtGia sorkuntza espaziora, eraman ditu ETBko lankideak. Arte galeria honetako sortzaile eta zuzendari baita gasteiztarra.

'EiTB Kultura Transit' ostegunetan izaten da ikusgai ETB1en, ETB2n eta eitb.eus-en.