Gailurra
22:20an, ETB1 eta eitb.eus-en
Nafarroako Beriain mendia igoko dute, gaur gauean, 'Gailurra' saioan
A.H. | EITB
Andoni Aizpuru oinez igoko da tontorrera, eta Irati Andak bizikletaz egingo du erronka.
Gaurko 'Gailurra' saioan, Andoni Aizpuru eta Irati Anda Nafarroara joango dira, eta Beriain edo San Donato esaten dioten 1.493 metroko mendia igoko dute. Atal honetan, gainera, erronka handiagoa izango da. Astero bezala, Andoni oinez igoko da tontorrera, baina Iratik bizikletaz egingo du, talde berezi batekin. Lortuko al dute gailurrera heltzea?
Ezustekoek ere izango dute beraien tokia osteguneko saioan. Lagun talde bat, urte askoren ondoren, Beriaingo gailurrean elkartuko da berriro.
Omenaldiak ere izango dira, eta mendian bizia galdu duten zenbait mendizale gogoratuko dituzte; tartean, Iñaki Otxoa de Olza.
Balda eta Borjaren istorioak ere ezagutuko dituzte. Batek hiria utzi eta mendira joatea erabaki zuen, gehien gustatzen zaiona egiteko: artzaina izan. Besteak, berriz, mendia terapia moduan erabiltzen du, daukan arazoari aurre egiten laguntzen baitio.
Mendi honetan inoiz izan ez diren gonbidatuak ere izango dituzte, besteak beste, Lakuntzako gazte talde bat, eta tontorrean dagoen ermita ezagutuko dute.
Istorio eta emozioak bizi eta irudi ikusgarriak ikusteko aukera eskainiko du gaurko 'Gailurra' saioak, 22:20tik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.