Itxi

Ganbarazaleak

22:30ean

Kennedy hil zuten kotxe berdina, gaurko 'Ganbarazaleak' saioan

EITB

Auto klasikoez gain, XVII. mendeko hainbat altzari, Cristobal Balentziagaren soineko bat eta Marimen Ciamar toreatzaile euskaldunaren hainbat argazki ikusiko dituzte.

0:17

Gaur gauean, Pedro Mari Goikoetxeak eta Ainhoa Cigandak hiru toki harrigarri bisitatuko dituzte ETB1eko 'Ganbarazaleak' saioan: auto klasikoak bisitatzera joango dira Gasteizera; Aian, Ibarrolabekoa baserriko ganbaran sartuko dira, eta Bilbon antigoalekoen denda bat bisitatuko dute.

Aitor Triguerosek XX. mendeko 25 auto ditu Gasteizen: Rolls-Royce markakoak, Kennedy akabatu zuten kotxearen modelo berdina, Hitlerren garaiko Volkswagen kakarraldoa, bere buruaz beste egiteko 'ate suizidak' dituen auto estatubatuarra, La dolce vita filmean agertzen den Triumph TR3 kotxea, Lady Dik erabiltzen zuen Mercedes 500SL autoaren berdina, besteak beste.

Horrez gain, 25 motor ere baditu: Lambrettak, Torrotak, Mobyletteak... 60ko hamarkadako bi gurpileko motor ederrak. Pedro Marik eta Ainhoak, horiek ikusteaz gain, probatu ere egingo dituzte, eta haiekin bueltatxo bat ematera aterako dira.

Aian, Ibarrolabekoa baserria bisitatuko dute, 1635. urteko baserria. Bertan, XVII. mendeko mahai hegalduna ikusteko aukera izango dute; horrelako beste bat baino ez dago Gipuzkoa osoan. 8 apellidos vascos pelikulan agertutako butaka parea ere bertatik atera zuten. Estatuan izan zen lehen tren elektrikoa Urolako trena izan zen, eta tiketak hartzeko altzari paregabea ikusiko dute, XX. mende hasierakoa. Zakarretatik jaso zuen jabeak. Karlistaden abentura guztiak biltzen dituen 1895eko almanaka, eta Marisol aktore eta abeslariaren kromo-albuma ere izango dira ikusgai Ibarrolabekoa baserrian.

Zer da objektu hau?

Ganbarazaleak | Aia Ibarrolabekoa baserria | Uteroa garbitzeko tresnaIbarrolabekoa baserrian ondoko objektu hau ere aurkituko dute Pedro Marik eta Ainhoak. Baina, zer da? Zertarako balio zuen? Noizkoa da?

Horrelako itxurarekin, erraminta bat ematen du, edozein baserritan erreminta-kaxa batean agertu daitekeen zerbait. Baina itxurari begiratuta soilik ez dago asmatzerik zer den. Ainhoak eta Pedro Marik argituko digute astearteko saioan.

Amaitzeko, Bilboko El Divino Cambalache antigoaleko gauzen denda bisitatuko dute Pedro Marik eta Ainhoak. Bertan, 60ko eta 70eko hamarkadako objektuak ikusiko dituzte, modernoagoak. Horien artean aipagarriena, Cristobal Balentziaga diseinatzaile getariarrak egindako soineko bat; El Corte Ingleserako egin zen serie berezi bateko soineko esklusiboa.

Horrez gain, 50eko hamarkadako emakume toreatzaile ezagunenetako bat euskalduna zela ikasiko dute. Marimen Ciamar zuen izen artistikoa, eta Ava Gardner, Luis Miguel Dominguin eta Madrilgo goi mailako pertsona ezagunekin ibiltzen zen. Haren argazkiak eta istorioak ezagutuko dituzte, baita Ava Gardnerrek berak sinatu eta dedikatutako argazkia ere.

Muranoko beiraz egindako pitxer ikusgarria, Errusiako Iraultzako benetako bonoa, eta edozein poltsikotan kabitzen diren bidaia-maletak ere ikusiko dituzte Bilboko denda honetan.

'Ganbarazaleak' gaur izango da ikusgai, 22:30etik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Euskal Telebista