Itxi

Ganbarazaleak

22:30ean

Sobietar Batasuna eta Belle Epoque, 'Ganbarazaleak' saioan

EITB

Bilbon, Legorretan eta Hendaiako ganbaretan sartuko dira aste honetan ETB1eko saiokoak, eta Belle Epoque garaiko arropak, sobietarren elementuak eta Felipe IV.aren objektuak aurkituko dituzte.

2:08

Gaur gauean, 'Ganbarazaleak' saioan, Pedro Mari Goikoetxea eta Ainhoa Ciganda hiru tokitan izango dira: Bilbon, Hendaian eta Legorretan.

Bilbon Belle Epoque garaiko arropa ederrak izango dituzte ikusgai Fernando Botanz artistari esker. Fernandok XX. mende hasierarekin zerikusia duten objektu eta jantziak biltzen ditu; esate baterako, garaiko gizon eta emakume dotoreenek eramaten zituzten kapela ederrak, eta garaiko soineko eta berokiak. Arropa bilduma ikaragarria izateaz gain, Belle Epoque garaiko objektuak, altzariak eta etxeko tresna ikusgarriak ditu Fernandok. Bere altxorrak erakusteaz gain, Fernandok foxtrot bat abestuko du, eta Ainhoaren erretratu bat egingo du.

Hendaian, Joxeanen etxean egongo dira Sobietar Batasunaren inguruan duen bilduma ezagutzera. Batik bat sobietarren programa espazialarekin zerikusia duten elementuak ditu Joxeanek: 2.000 euroko balioa duten jantzi espazialak, bereziki espaziorako egindako janariak edota kosmonautek komunera joateko erabiltzen zuten tresna bitxi bat. Baina espaziokoak ez diren beste elementu interesgarri batzuk ere erakutsiko ditu Joxeanek: espioi sobietarrek erabiltzen zuten ezkutuko kamera bat, 1980ko Moskuko Olinpiar Jokoetako zuzia eta munduko agintari garrantzitsuenen sinadurak.

Legorretan, Ana Mari Larrea ezagutuko dute. 1660an Tolosan egon zenean, Felipe IV.ak ahaztuta utzi zituen pipa eta metxeroa ditu Ana Marik bere etxean. Aditu bat eramango dute Pedro Mari Goikoetxeak eta Ainhoa Cigandak haren etxera, benetan Felipe IV.aren objektuak izan ziren egiaztatzeko. Altxor horiek ez ezik, txanpon, billete edota arrosario bilduma ederrak ere gordetzen ditu Ana Marik etxean. Ezagutzeko moduko emakumea da eta hamaika istorio kontatuko ditu.

'Ganbarazaleak', 22:30etik aurrera, ETB1en.