Ganbarazaleak
22:30ean
Ahetzeko Arkakusoen Azoka, gaurko 'Ganbarazaleak' saioan
EITB
Horrez gain, Orozkoko Artiñanotarren jauregian XVI. eta XVIII. mendeko altzari eta objektu harrigarriak ezagutuko dituzte.
Gaurko 'Ganbarazaleak' saioan, Pedro Mari Goikoetxea eta Ainhoa Ciganda hiru tokitan egongo dira: Ahetzen (Lapurdin), Orozkon eta Mallabian.
Orozkon, Artiñano etxea dago, XVII. mendeko jauregia. Artiñanotarrak familia boteretsua izan dira mendeetan zehar; aristokratak, zientzia-gizonak, hainbat liburu idatzitakoak eta ekonomikoki boteretsuak. Horren erakusgarri dira jauregian bertan dituzten hainbat objektu; 1500. urteko kutxa bat eta XVIII. mendeko armairu bat, garaiko egurgile onenek egina, esaterako. Armairu horrek berezitasun bat du gainera: horren ate banatan egurrean zizelkatuta dituen marrazkiak kalitate handikoak dira eta ia-ia igualak, baina ez erabat, zazpi ezberdintasunen jokoan aritzeko eginak baitaude. Armairu horrek 25.000 euroko balioa du egun. Etxean bertan, XIX. mendeko kapilatxoa dute, aitorleku mugikor eta guzti.
Enrique Mugarza mallabitarrak, bere aldetik, objektu kuriosoak bildu ditu hainbat urtetan. Eibarko Lambretta moto fabrikako langile ohia da, eta 1950eko hainbat Lambretta ditu bere tailerrean, baita garai bereko Honda ziklomotorrak ere. Japoniako Honda etxekoek Eibarren motoak egitea erabaki zuten, eta horretarako, eredu gisa, 12 moto ekarri zituzten Japoniatik. Enrikek haietako lau ditu jasota. Mende hasierako hiru gramofono, etxe ondoan eztanda egin gabe topatu zituzten Gerra Zibileko bonbak, eta 1795en Puerto Ricoko gotzain izan zen Juan Bautista Zengotitabengoaren gotzain-arropak ere ditu Enriquek bilduta.
Amaitzeko, Ahetzen antigoaleko azokan egongo dira Pedro Mari Goikoetxea eta Ainhoa Ciganda. 1993az geroztik, hilero, hileko hirugarren igandean, Arkakusoen Azoka izenekoa egiten dute bertan. Hegoaldetik, Ipar Euskal Herritik eta Frantzia osotik jende asko biltzen da azokan antigoalak erosteko. Azoka horretako objektu saltzaileekin eta erosleekin egongo dira, hainbat traturen testigu izango dira eta aurkezleek ere erosketak egingo dituzte.
'Ganbarazaleak' gaur gauean izango da ikusgai, 22:30etik aurrera, ETB1en.