Ganbarazaleak
Gaur, 22:30ean
Urpekari familia baten ur azpiko altxorrak, 'Ganbarazaleak' saioan
EITB
Pedro Mari Goikoetxeak eta Ainhoa Cigandak enkante batean parte hartuko dute, eta gustuko dituzten objektuengatik eskaintza egingo dute.
Gaur gaueko 'Ganbarazaleak' saioan, Pedro Mari Goikoetxea eta Ainhoa Ciganda aurkezleak hiru toki oso berezitan izango dira: Zumaian, izen handiko urpekari familia baten ur azpiko altxorrak ezagutuko dituzte; Markinan, ganbara bihurtutako bodega bat bisitatuko dute; eta amaitzeko, enkante batean hartuko dute parte, Emausek Irunen duen dendan.
Juan Jose Manzisidorren aita, osabak eta aitona urpekari profesionalak izan ziren, izen handikoak gainera, eta Zumaiako etxean euren lanbidearekin lotura duten elementu ugari erakutsiko diitu Euskal Telebistako kameren aurrean. Horien artean, aitarena zen 100 kiloko buzoa, eskafandra, labana eta kanpokoekin komunikatzeko tresna erakutsiko ditu. Juan Josek Alfontso XIII.a erregeak bere aitonari egindako idatzizko kontzesio bat ere erakutsiko du: kontzesio horrek Gipuzkoako kostaldeko uretan topatzen zituen objektuak hartzeko eskubidea ematen zion. Urpekarien munduaz gain, Afrikatik ekarritako hainbat tresna ikusiko dituzte Juan Joserenean: musika-tresna bitxiak, pipak, baita lantza pozoitsu bat ere. Juan Josek sorpresa ikusgarri bat gordeko du amaierarako: bere etxe azpian aurkitutako antzinako koba bat.
Markinan, bestalde, Rosaren bodega bisitatuko dute Pedro Mari Goikoetxeak eta Ainhoa Cigandak. Urteetan zehar bezeroek ekarritako objektu pila bat bildu du Rosak bere bodegan. Besteak beste, Iñaki Gorostiza pilotari handiak 1977an buruz buruko txapelketa nagusia irabazi zuenean erabilitako pilota; Australian gerraostean kanabera mozten egon ziren euskaldunetako batek ekarritako mozteko tresna; eta saguak harrapatzeko tranpa bat, sagu eta guzti.
Amaitzeko, Pedro Marik eta Ainhoak enkante batean hartuko dute parte: Emausek urtero antolatzen duen sekretupeko enkantean. Emausek Irunen duen dendara joango dira, eta Manu Mendez langileak erakutsiko dizkie enkantean jarri dituzten objektuak. Tartean, Velosolex motor zahar bat; Martuteneko espetxeko kaperatik ekarritako eliz elementu batzuk; XVII. mendeko argizaiol bat; eta Mari Pepa pertsonaia eta panpinaren gerraosteko ipuin sorta. Ainhoak eta Pedro Marik eskaintza bana egingo dute euren gustuko den objektu batengatik. Ea bietako batek irabazten duen.
'Ganbarazaleak' gaur izango da ikusgai, 22:30etik aurrera, ETB1en.