Go!azen
21:00etan
"Go!azen 7.0" denboraldi berriaren estreinaldia, gaur, ETB1en eta eitb.eus-en
EITB
Ostegunean, "Go!azen" abestiaren koreografia egin dute saioko antzezleek Miramonen. Denboraldi berrian ikus ditzakegun bertsioetako bat izango da.
-
"Go!azen 7.0"ko aktoreetako batzuk. Argazkia: EITB.
Gaur, azaroak 20, estreinatuko da "Go!azen" telesailaren zazpigarren denboraldiko lehen atala, 21:00etan ETB1en eta eitb.eus-en.
Atzera kontaketan murgilduta, aktoreek Go!azen abestiaren koreografia egin dute ostegunean, azaroaren 19an, EITBk Miramonen duen egoitzan. Zehazki, Dánae Riaño (Maddi), Lorea Intxausti (June), Maria Redondo (Zuri), Xanti Korkostegi (Igor), Nikola Zalduegi (Eneko) eta Ander Lacalle (Luken) aktoreen ikuskizunaz gozatzeko aukera izan dugu.
Hiru aktore gazte berrik hartu dute parte zazpigarren denboraldian: Aitziber Errazkin zarauztarrak Enararen papera hartu du; Nerea Elizalde bilbotarrak Garazi pertsonaiaren rola jokatu du, eta Ander Lacalle donostiarrak Lukenen papera antzeztu du. Gainera, hiru langile berri izan dituzte aurten Basakabi udalekuetan: Maria Cruickshank antzezlea ingeles irakasle berria izan da; Markel Aranburu, Asier Burguete aktoreak antzeztutako pertsonaia, Basakabira itzuli da, oraingo honetan bekadun moduan, eta Aitor, Endika Zamalloa aktoreak gorpuztu duen langilea, egoitzako mantentze lanez arduratu da. Endika Zamalloa izan da Down sindromedun lehen aktorea "Go!azen" telesailean.
Bestalde, aurreko denboraldian telesailean parte hartu zuten aktore gehienak izan ditugu kamera aurrean azaroaren 20an estreinatuko den denboraldi berrian ere: Lorea Intxausti (June), Esti Lopez (Eider), Dánae Riaño (Maddi), Maria Redondo (Zuri), Markel Sanz (Danel), Xanti Korkostegi (Igor), Nikola Zalduegi (Eneko), Itziar Urretabizkaia (Amaia) eta Karmele Larrinaga (Begoña).
Aplikazioa, eraberrituta
"Go!azen APP"a berritu egin dugu denboraldi berrirako. "Go!azen 7.0"n hainbat aldaketa izango dira telesailean eta baita Goazen APPan ere.
Aurtengo berezitasun nagusietako bat telesailaren interaktibitatea izango da. Hala, telesaileko aplikazioa duten ikusleek pertsonaiek fikzioan egiten dituzten argazki eta bideoak jaso ahalko dituzte denbora errealean. Gainera, telesailean abestiak entzuten direnean, karaokeko letra ere jasoko dute mugikorrean. Telebistan zuzeneko emisioak jarraitzen dituzten ikusleak saritu nahi ditu telesailak.
Horrez gainera, telesailean entzuten diren abestien bitxikeriak kontatuko dizkigu Gazteako Ainhoa Urretabizkaiak. APP Storen (iOS sistemarentzat) eta Play Storen (Android sistemarentzat) prest daude berrikuntzak jada.
Aldizkaria ere eskuragarri
Telesailaren aldizkaria kioskoetan dago dagoeneko. Irudiz eta kolorez betetako aldizkaria da, denboraldiko txutxumutxuak, elkarrizketak, eta aktoreen gorabehera guztiak kontatzen dituena.
Denboraldi berrian, aldizkariaren hainbat zenbaki kaleratuko dira eduki esklusibo eta bereziekin. Lehen aldizkarian, adibidez, saioko lehen lau ataletako irudi batzuk ikusteko aukera izango da. Horrez gain, pertsonaiak eta gorpuzten dituzten aktoreak hobeto ezagutzeko aukera ere izango da. Aitziber Errazkin (Enara) eta Esti Lopez (Eider) elkarrizketatu dituzte eta Xanti Korkostegiren (Igor) egun bat nolakoa den jakingo dugu.
Saioak ez ditu aurreko denboraldietako pertsonaiak alde batera utziko, eta lehen zenbakian Ainhoa Larrañagak (Eli) gaur egun zertan dabilen azalduko du.
Euskaraldia ere kontuan izango du aldizkariak, eta oraingo honetan Lorea Intxaustik (June) nola bizi duen ezagutuko dugu.
Kontzertuak, antzerki emanaldien ordez
COVID-19ak eragindako pandemia dela eta, aurten ez da "Go!azen" telesailaren antzerki saiorik antolatuko. Horren ordez, kontzertuak antolatu dituzte Euskadiko hirietatik barrena. Emanaldiak datorren larunbatean, azaroaren 29an hasi eta 2021eko apirila bitartean ospatuko dira eta webguneko Agendan aurkitu daiteke informazioa.
Aukera zabala EITB Dendan
Aurretik eskuragarri zeuden produktu guztiez gain, hamabi produktu berri eros daitezke EITB Denda bitartez.
Hala, Izar Azpian Oihukatu eta Amets Berriak CDak, Iritsi Gara, Eiderren Egunerokoa eta Maddiren Amona Influencerra liburuak, tamaina ezberdinetako bi koaderno, kantinplora bat, kotoizko motxila-zaku bat, maskarak eta maskara sortak eta giltzatako berri bat daude eskuragarri.