Go!azen
10. atalaren aurrerapena
Jendearen txutxumutxuak jasan beharko ditu Garazik, gaur, "Go!azen"en
EITB Media
Gainera, Eiderrek Eneko utzi ondoren, euren arteko distantzia handitzen joango da. Maddiri, berriz, albiste onak iritsiko zaizkio behingoagatik.
Jendearen txutxumutxuak jasaten ikasi beharko du Garazik gaur, "Go!azen" telesailaren hamargarren atalean. Eider eta Eneko, berriz, gero eta urrunago daude bata bestearengandik.
Aurreko atalean, Garazik aurrekariak dituela zabaldu zuen Igorrek igerilekuan, han zeuden guztien aurrean. Ondorioz, jendearen begiradak, txutxumutxuak eta galderak jasan beharko ditu orain neskak. Ez da erraza izango berarentzat egoera horri aurre egitea, uneren batean bere onetik irtenda ere ikusiko dugu. Igorrek, gainera, bere erasoekin jarraitu du; baina asmatuko du Garazik nola erantzun: Gatiburen "Ez naiz makurtuko" kantarekin adibidez.
Bestetik, Eiderrek Eneko utzi zuen, mutila asko aldatu dela iritzita. Futbolari profesionalaren itxura emateko eskatzen dio managerrak eta hori bete nahian dabilenez, harroputza dela ematen du. Lagunak gutxiesten dituela dirudi eta Eiderrek ez du hori onartzen. Harremana hautsita, bi gazteen arteko distantzia handitzen ari da.
Maddik, ordea, behingoagatik bada ere, albiste onak jasoko ditu. Eta poz pozik itzuliko da bere ikasle bizitzara.
Ostiralero, 21:00etan, "Go!azen" telesailaren atal berri bat izango da ETB1en eta eitb.eus-en. Emititutako atal guztiak EITB Nahieran atarian eta Goazen APPan daude ikusgai.