Itxi

Go!azen

Go!azen

Go!azen

Go!azen unibertsoa

Sarako emanaldiarekin amaituko du "Go!azen"ek aurtengo kontzertu-bira

Agurtzane Aramendi Elduaien | EITB Media

63 emanaldi egin eta 33.000 sarreratik gora saldu ondoren, beste lan batzuetan hasiko da orain lantaldea: telesailaren 9.0 denboraldia grabatzen eta Go!azen karaokea ikuskizuna herriz herri zabaltzen.

  • 2021-2022 denboraldiko kontzertuetako bateko irudia

    2021-2022 denboraldiko kontzertuetako bateko irudia

"Go!azen" telesailaren 2021-2022 denboraldiko kontzertu-bira asteburu honetan iritsiko da amaierara. Ordizian eta Saran larunbatean eta igandean egingo dituzten emanaldiak izango dira azkenak. Horren ondoren, ordea, ez dute lan faltarik izango: telesailaren 9.0 denboraldia grabatzeari ekingo diote, alde batetik, eta Go!azen karaokea deitu duten ikuskizuna herriz herri eramango dute, bestetik.

Arrakastaren olatuaren gainean jarraitzen du "Go!azen" telesailak. Pandemiaren aurreko urteetan gertatu zen bezala, gurasoek eta haurrek osatutako ilara luzeak ikusi ditugu berriz ere kontzertua iragarri zuten herrietako antzoki inguruetan. Abenduaren 18tik maiatzaren 22a arte, Euskal Herriko 33 herri eta hiritan egingo dute geldialdia. Guztira, 63 emanaldi egingo dituzte (bi egiten dituzte herri askotan) eta 33.278 sarrera saldu dituzte.

Jarraitzaileek egin dieten harrerarekin oso pozik dago lantalde osoa. Xabi Zabaleta Pausoka ekoiztetxeko proiektu zuzendariaren hitzetan, "aurtengo birak ilusio berezia" egin die, lehen aldiz Ipar Euskal Herrian abesteko aukera izan dutelako.

Go!azen kontzertua

Go!azen kontzertua

Telesaileko aktore gazte guztiek hartu dute parte emanaldi hauetan. Oholtza gainean ikusi ditugu Nerea Elizalde "Garazi", Maria Redondo "Zuri", Aitziber Errazkin "Enara", Lorea Intxausti "June", Malen Azpirotz "Iraia", Danae Riaño "Maddi", Ander Lacalle "Luken", Joanes Echeveste "Ibai", Julen Castillo "Koldo", Iñaki Mujika "Unax" eta Asier Burguete "Markel". Horietako bakoitzak jarraitzaileen maitasuna gertutik nabaritu ahal izan du; izan ere, askotan gerturatu zaizkie zaleak opariak edota besarkadak ematera. Kontzertu-eguna eta aktoreetako baten urtebetetze-eguna batera egokitu izan direnean, zaletuak eurak hasi izan dira "Zorionak zuri" abesten eta emanaldi askotan hunkituta amaitu dutela aitortzen dute.

Halaber, hainbat abestiri zaleek ematen dioten erantzunaren ondorioz ere jarri izan zaie oilo-ipurdia. "Lagunak" kanta, 2021eko udan estreinatu zutena, izugarria izaten dela diote. "Antzoki osoa zutik eta dantzan jartzen duen abestia" dela azpimarratu du Xabi Zabaletak. "Barnetik", "Hegan" eta "Hainbeste" kantekin ere mugikorretako argiak pizten dituzte ikusleek eta emozioz betetako uneak sortu izan dira.

Telesaileko azken denboraldian entzundako doinuekin osatu ohi dute urtero bira honetarako kantu-zerrendaren ardatza. Hala ere, aspaldi konturatu ziren abesti batzuk bereziki gustuko dituela publikoak eta, urtea joan eta urtea etorri, egitarauan sartzen dituzte. "Denok zu", "Diruaren hotsa" eta "Euskararen txantxangorria", adibidez, klasiko bilakatu dira emanaldi hauetan.

Go!azen karaokea, herriz herri

Igandean amaituko da kontzertu bira Saran, baina "Go!azen"eko lantaldeak ez du atsedenik hartzeko astirik izango. Alde batetik, aste gutxiren buruan telesailaren 9.0 denboraldia grabatzeari ekingo diote. Bestetik, ikuskizun berria plazaratu dute eta uda osoan herriz herri ibiltzeko asmoa daukate; Go!azen karaokea deitu diote.

Go!azen Karaokearen kartela

Go!azen Karaokearen kartela

Maiatzaren 29an, Bizkaiko ikastolen aldeko Ibilaldia jaian izango da estreinaldia. Handik aurrera, Etxarri-Aranatz, Irun, Eskoriatza, Mutriku, Lantaron, Sodupe, Lezama, Arrasate eta beste hainbat herri bisitatuko ditu ikuskizun berri honek. eitb.eus/goazen atarian jarritako Agendan eta sare sozialetan (Facebook, Instagram eta Tik Tok) argitaratuko da noiz eta non izango diren.

Aitziber Errazkin "Enara", Ander Lacalle "Luken" eta Asier Burguete "Markel" aktoreek gidatuta, telesaileko zenbait abesti kantatzeko aukera izango dute jarraitzaileek; batzuetan, aktoreekin batera eta, beste batzuetan, eurek bakarrik. Ikuskizun animatua eta parte-hartzailea izango dela aurreratu dute.