Goenkale
Aurrerapena
Nekane akatsak egiten hasiko da 'Goenkale'n
A.A.
EiTB
Mitxelek egiten dion presioaren ondorioz, antsietate egoeran sartuko da eta hanka sartzeak egiten hasiko da komisario-ohia. Asteartean, 22:25etan ETB1en eta eitb.com-en egongo da ikusgai.
Nekane akatsak egiten hasiko da 'Goenkale' telesailean. Mitxelek egiten dion presioaren ondorioz, antsietate egoeran sartuko da astearte honetako atalean. 22:25etik aurrera egongo da ikusgai ETB1en eta eitb.com-en.
Nekane, Arraldeko komisario ohia, gero eta okerrago pasatzen ari da. kargua kendu diote eta Mitxelek, nagusi berriak, asko estutzen du lanean. Gero eta antsietate handiagoa biziko du. Horrez gainera, Mitxelen beste helburu bat Nekane Kandidorengandik urruntzea izango da. Egoera honen ondorioz, lanean akatsak egiten hasiko da Nekane.
Aliziarekin ere jarrera dominantea hartuko du etengabe Arraldeko komisario berriak. Gainera, Telmo eta Aliziaren arteko harremana ikusi ahal izan du eta hori ere gogoan izango du denbora guztian.
Alizia, bestalde, Telmorekin haserre dago: ezkontzera doa eta ez dio ezer esan, baina ez du arazorik izan berarekin oheratzeko. Ezustean, Kandidok eztabaida hau entzungo du gainera.
Manexek, berriz, shock egoeran jarraitzen du. Erika gizonezko baten gorputzean harrapatutako emakumea dela jabetzeko denbora behar du. Alde batetik, maite du, baina bestetik ezin du maitasun harremanik izan berarekin. Erikak, desesperatuta, erabaki drastiko bat hartuko du.
Kepa Manterola, ostera, trikimailuetan murgilduta dabil. Mireia gero eta txoratuago dauka: kalitate handiko erloju bat oparituko dio eta, gainera, haren irudia garbitzeko telebistan elkarrizketa bat lortuko dio.
Asunen buruhaustea, aldiz, Sabin da. Ikusten du Lupe eta Asier gero eta gertuago daudela eta Sabini muturren aurrean neska kenduko diotela esango dio.
Astelehen eta asteartetan izango da aurrerantzean ikusgai 'Goenkale'.