Itxi

Goenkale

Goenkale

Goenkale

21 urte, emisioan

'Goenkale' azken denboraldia prestatzen ari da

EITB

EITB

Telesail beteranoa 2015eko abendura arte izango da ikusgai ETB1en, eta urtarriletik aurrera astelehenero emango da, 22:15ean.

0:00

'Goenkale' telesaila 2015eko abendura arte ikusgai izango da ETB1en. Horrela adostu berri du ETBko zuzendaritzak eta ETB1eko telesaila ekoizten duen Pausoka ekoiztetxeak. Datorren urtarriletik aurrera astelehenetan eskainiko da, 22:15ean telesaila.

"Goenkaleren grabazioak hamar astez luzatuko dira Miramongo produkzio zentroan, eta oraindik goiz da 2016ko programazioaren ardatzak zehazteko, baina, egia da bultzada eman nahi diegula fikziozko telesailei datorren udazkenean, proiektu berriak estreinatuz eta aztertuz", adierazi du ETBko zuzendaritzak. "Lehen mailako ikus-entzunezko fenomenoa da 'Goenkale'. Estatuko telesailik zaharrena da, eta datorren urte guztian zehar ikusgai izango dugu Euskal Telebistako lehen katean", gaineratu du zuzendaritzak.

21 urte daramatza telesailak emisioan, eta denbora horretan guztian ibilbide oparoa izan du. Berebiziko garrantzia izan du, euskarazko telebistari ez ezik, euskarari berari ere ekarri handia egin baitio. ETBko eta Pausokako lan-talde bikainak egiten du posible euskarazko katean telesaila erreferente izatea urtez urte. Otsailean grabatuko diren azken atal horiek hasieratik garatu den tramaren mailakoak izango dira.

1994ean hasi zenetik persona berriak ditu denboraldi guztietan 'Goenkale'k. Kurtso honetan, Etxegarai familia sartu da 'Goenkale'ko zaleen bizitzan. Baina, Arralden baditugu lehendik ezagunak ditugun beste familia eta pertsonaia batzuk. Denboraldi honen hasieran ikusmiran izan genituen Madariagatarrak, Aliziak jasandako tiroketaren ostean, eta Urkijotarrak ere zer esan handia ematen ari dira azken boladan. Beste hainbat istorioren protagonista izango dira Miranda eta Manterola sendiak ere.