Itxi

Gu Ta Gutarrak

Gu Ta Gutarrak

Gu Ta Gutarrak

SAIO BERRIA

'GTG Jai School' saioaren estreinaldia, gaur, ETB1en

EITB

EITB

Institutuen arteko lehiaketa ikusiko dugu saio honetan, eta irabazleak ikasbidaia egiteko 3.000 euroko saria lortuko du.

0:18

Gaurtik aurrera, 'Gu ta Gutarrak' saioa eraberrituta dator. Horren ohiko ikurretik aldendu gabe, 'GTG Jai School' saioak Euskal Herriko institutu jatorrena aurkitzea izango du helburu. DBHko 4. mailako ikasleek hartuko dute parte, eta ikasbidaia egiteko 3.000 euroko txekea eskuratuko du irabazten duen ikastetxeak.

Astero lau institutu lehiatuko dira, aurreneko bi egunetan bi eta hurrengo bi saioetan beste biak. Denboraldi berri honetan, guztira, Nafarroako, Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko 24 institutuk hartuko dute parte. Datorren astean honako ikastetxeek hartuko dute parte: Donostiako Peñaflorida institutua, Iruñeko Jaso ikastola; Santurtziko Bihotz Gaztea ikastola eta Berriozarko istitutua.

'GTG Jai School' saioan ez da elkarbizitzarik izango, baina institutuen arteko lehiek eta erronkek garrantzi handiagoa izango dute. Bide batez, institutuek saioko kamerei ateak zabaldu dizkiete, eta bertako ikasle-irakasleak, bizitza akademikoa eta erronketarako nola prestatzen ari diren ikusteko aukera emango digute.

Halaber, platoan hainbat erronkatan parte hartuko duten ikasleek abilezia eta adimen probak gainditu beharko dituzte, eta saioan lortutako puntuekin liga-txapelketa osatzen joango gara.

Institutu bakoitzetik bost lagun lehiatuko dira gelako guztien izenean, eta platoan ikaskideen babesa izango dute. Gutar ohiak eta kuxkuxeroak ez dira erabat desagertuko 'Gutarrak Jai School' saio berrian. Institutu bakoitzeko bost ikaslez osaturiko talde bakoitzak gutar ohi bat izango du kapitain, erronketan laguntzeko. Guztira, sei lagunek osatuko dute taldea. Orain arte kuxkuxeroak izan diren Irantzu, Txurru eta Amaia saio berrian egongo dira, beste aurpegi ospetsu batekin batera. Zein izango den horien eginkizuna? Astelehenean bertan jasoko ditugu xehetasun guztiak.

Beti bezala, Julen Telleriak aurkeztuko du saioa, baina orain arte telebistan ikusi ez den formatu berri bat izango da, betiere 'Gu ta Gutarrak' saioko irizpidea galdu gabe.

Nola parte hartu

DBHko 4. mailako ikasleak bazarete eta Euskal Herriko institutu jatorrena izateko lehian parte hartu nahi baduzue, oraindik garaiz zabiltzate. Animatu eta bidali mezua gtgjaischool@eitb.eus helbidera!

'GTG Jai School' gaur izango da ikusgai, 21:00etatik aurrera, ETB1en.

ng>