Gu Ta Gutarrak
5. edizioa
'Gu ta Gutarrak' berrikuntzaz beteta itzuliko da astelehenean
A.E.| EiTB
5 zenbakia oso garrantzitsua izango da Julen Telleriak aurkezten duen elkarbizitza saio honetako edizio berrian. Berrikuntza eta sorpresa askorekin ekingo dio programak abenturari datorren astean.
'GTG Jai School' ikastetxe arteko lehiaketa amaitu ondoren, 'Gu ta Gutarrak 5' izango dugu ikusgai astelehenetik aurrera ETB1en, eta sorpresa eta berrikuntza ugari ekarriko ditu.
Julen Telleriak aurkezten duen 'Gu ta Gutarrak 5' saioak 'Gu ta Gutarrak'en izate eta dinamikari eutsiko dio funtsean. 10 gazte, neska eta mutil, izango dira, 18 eta 30 urte bitartekoak. Elkar ezagutuko dute, eta hainbat proba egingo dituzte bai platoan bai etxe batean elkarrekin emango duten denboran. Lehiakide jatorrena izendatzea izango dute helburu. Ez dira faltako bolada berrian Amaia Puertas eta Txurru kuxkuxeroak gutarren inguruan duten iritzia emateko, ezta DJ Tirapu ere, une bakoitzari dagokion musika jartzeko.
Nobedade garrantzitsuak izango ditu 'Gu ta Gutarrak 5' honek. Kuxkuxeroen artean, bi kide berri izango dira: Julen Hernandez youtuber donostiarra (@HolaJulen) eta Iban Garcia azkoitiarra (@despertavlogs). Besteak beste, gutarrei erronkak proposatzeaz arduratuko dira.
Elkarbizitzak garrantzi handia izango du edizio honetan. Lehiakideek elkarrekin asteburu-pasa egiteko hautatu duten lekua ere beste bat izango da. Oraingoan, alde handia nabarituko da jatorrek eta satorrek izango dituzten baldintzen artean.
Bosgarren edizioa du 'Gu ta Gutarrak'ek, eta 5 zenbakiak garrantzi handia izango du. Bost neska eta bost mutil lehiatuko dira. Platoan izango diren sorpresa eta ezusteek bost zenbakiarekin zerikusia izango dute, eta amaierako sariek ere bai.
Platoa berritu egingo dute, eta bost ate egongo dira bertan. Ate bakoitzak kolore bat izango du, eta funtzio eta esanahi propioa izango du bakoitzak, programa abian jartzen denean agerian geldituko denez.
Ezusteak, sorpresak, malkoak eta irribarreak ez dira faltako denboraldi honetan ere, baina gutarren arteko harremanak izango dira berriro oinarri nagusi.
'Gu ta Gutarrak 5' astelehenetik aurrera izango da ikusgai, aste barruan, 21:20an, ETB1en.