Itxi

Gure Doinuak

Gure Doinuak

Gure Doinuak

22:30ean

Aitziber Garmendiarekin Goierrin, gaur gauean, 'Gure Doinuak' saioan

EiTB

Onintza Enbeitak Goierriko kantoi eta gonbidatu desberdinak ezagutuko ditu Aitziber Garmendia aktorea bidelagun duela.

0:28
Onintza Enbeita eta Aitziber Garmendia

Altuerako bidaia egingo du gaurko atalak, izan ere, Goierrira joango dira. Onintza Enbeitak artista erraldoia izango du bidelagun: Aitziber Garmendia. Zaldibiako aktorearekin, Txindoki magaletan dauden istorioak ezagutuko dituzte 'Gure Doinuak' saioaren atal honetan.

Txindokin barrena, Aitor Furundarena artista, soinu-jotzaile eta baserritarrarekin egongo gara. Ondoren, Zaldibian, munduko errekor baten jabea bisitatuko dute: Agustin Mujika, Takolo pailazoa. Berak bultzatu zuen Zaldibian 26 orduz euskaraz etengabe abesteko erronka, eta munduko marka lortu zuten.

Bere txikitasunean erraldoi izan zen Lazkao Txiki ere izango dute hizpide. Haren ilobarekin izango dute hitzordua Lazkao Txikiren lanari buruz hitz egiteko, bereziki, umeak eta musikarekin zuen erlazioari buruz.

Gure doinuen artean ere badute genero berriek tartea. Rapa euskaraz egiterik ere badago, eta Zesura da Goierrin erritmoak eta hitzak uztartzen dituen bikotea.

Bukatzeko, Lazkao mendiko baserri batean zoriontasuna aurkitu duen kataluniar musikari bat ezagutuko dute lehenik, eta abesbatza batean elkar ezagutu zuten eta orain lagun minak diren bi ataundar musikarirekin egingo dute hitzordua ondoren: Dionisiorekin eta Maximorekin.

'Gure Doinuak' asteazkenetan izaten da ikusgai, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.