Gure Kasa
21:30ean
Martxelo Rubio aktorea izango da gaurko gonbidatua 'Gure Kasa'n
EiTB
Nahiara Gagok ezustekoa emango dio bere familiakoekin eta seniderik gertukoenekin Donostiako Antigua auzoan grabatutako 'Oroitzapenen Kasa'rekin.
-
Martxelo Rubio. Argazkia: EiTB
Euskal Herriko aktorerik ezagunenetako bat izango dute gaur 'Gure Kasa' saioan gonbidatu: Martxelo Rubio. Antzerkian, zineman eta telebistan ibilbide luzea du Rubiok, eta horren errepasoa egingo du Telleria anaiekin. Momenturik xelebreenak oroituko dituzte, eta gogoratzen ez dituen momentu dibertigarri batzuk ere aterako dizkiote. Donostiako aktorea gogoratuko al da 1994. urtean Jon Keparen rolean 'Goenkale'n egin zuen lehenengo sekuentziaz?
Iban Garciak Euskal Herriko pertsona famatuei 'Gure Kasa'ra etortzeko gonbidapenak banatzen jarraitzen du, eta Radio Euskadiko Dani Alvarez kazetariarengana joango da ostegunean, EiTBren Bilboko egoitzara.
Isma Pereirak jolasean jarriko ditu Martxelo Rubio, Telleria anaiak eta Zuriñe. Onintza Enbeitak, beti bezala, bi aukera emango dizkio gonbidatuari: bertsoa ala kartak. Egunero bezala, 'galdera marroia' egingo diote gonbidatuari. Izerdi hotza botako ote du Martxelok galdera horri erantzuteko?
Nahiara Gagok ezustekoa emango dio Martxelori, eta haren familiakoekin eta lagunik hurbilenekin grabatu duen Oroitzapenen kaxa erakutsiko dio. Gonbidatuak ez daki ezer, eta zur eta lur geratuko da Nahiarak Donostiako Antigua auzora egindako bisitarekin.
'Gure Kasa' astelehenetik ostegunera izaten da ikusgai, 21:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.