Gure Kasa
Denboraldi berria
Berrikuntzaz beterik hasiko da gaur 'Gure Kasa'ren denboraldi berria
EiTB
Plato eta kolaboratzaile berri ugari izango ditugu, tartean, Yolanda Alzola eta Joseba Beloki. Asteleheneko saioan Jagoba Arrasate izango dugu gonbidatu.
-
'Gure Kasa'ko aurkezle eta kolaboratzaileak
Beste denboraldi bat bizkarrean, baina inoiz baino indartsuago gatoz!!! "Gure Kasa" bueltan da, eta hirugarren denboraldia berrikuntzaz beteta dator! Platoa dotore-dotore jarri dugu, Telleria anaiek egunero gonbidatuei harrera egiteko. Gonbidatu asko eta asko pasatu dira gure saiotik, 600 inguru, baina asko dira oraindik pasatuko direnak. Plato berria estreinatzeko, Jagoba Arrasate izango da gonbidatu, Osasuna bigarren mailatik lehen mailara eraman duen entrenatzailea.
Atal eta kolaboratzaile berriak izango dira Julen, Antton eta Zuriñerekin batera. Egunero, saioa hasi eta berehala, gonbidatua kozinatzen jarriko dugu sukaldari profesional baten “kontra”. Ramon Roteta eta Pili Manterola izango dira sukaldariak, eta, haietako baten agindupean eta elkar ikusi gabe, gonbidatuak errezeta bat egin beharko du, eta 12 minutu izango ditu horretarako. Erronkaren bukaeran, Manterolak edo Rotetak erabakiko du gonbidatua Txef ala Txof den… Eta horixe da, hain zuzen ere, atalaren izena.
Joseba Beloki txirrindulari ohia da denboraldi honetarako fitxaketetako bat. Gonbidatu izan genuen aurreko denboraldian, eta orain astero izango dugu saioan. Zertan? Duela asko ikusi ez ditugun pertsonekin elkartu, eta gaur egun bizitza publikotik kanpo zertan ari diren eta nola bizi diren erakutsiko digu: kirolariak, politikariak, aktoreak, idazleak… Atalaren izena Aspaldiko! da.
Beste kolaboratzaile berria Yolanda Alzola izango da. Urte askoan ETBko aurkezlea izan zen Alzola, eta bueltan da Ai Amatxo! atalarekin. Astean behin izango da platoan, eta gonbidatu baten amarekin (gonbidatuak ezer jakin gabe, noski!) izango da, haren lehengo eta oraingo kontuei buruz hizketan. Atala, duda barik, hunkigarria izango da gonbidatuarentzat.
Aurten, Espainiako futbol ligako maila gorenean 5 euskal talde daudenez eta nesken futbolak ere gero eta presentzia handiagoa duenez, "Gure Kasa"n tartetxo bat egin nahi izan diegu futbolari eta futbolkeriei. Eta nor izango da atal horren gidari? Futbolzale amorratua den Ainhoa Sanchez (Karlos Arguiñanoren ondoan ikusten dugu iragarkiak egiten). Sanchezek futboleko eta futbolaren inguruko istorio bitxiak ekarriko dizkigu astero saiora.
Potilleoa (poteo eta kotilleo hitzen arteko hitz-jolasa) izango da denboraldi honetako beste atal berria. Gonbidatuaren herrira joango gara, eta “kotilleatu” egingo dugu nolabait: non ibiltzen den, non hartzen duen kafetxoa, non mozten duen ilea, eta antzeko bitxikeriak, betiere, umore puntu batekin. Kolaboratzailerik egokiena dugu horretarako: Onintza Enbeita! Mikroa eskuan hartuta, gonbidatuaren herrian murgilduko da, eta informazio bitxia ekarriko digu, duda barik.
Maddalen Arzallusek "Gure Kasa"n jarraituko du, baina atal berria estreinatuko du: Doinu-kaxa. Eta zertan datza? Gonbidatuaren bihotzeko kanta batzuk entzun, ikusi eta abestuko ditugu, eta, horretarako, irratsaio berezia antolatuko dugu platoan, mintzaleku eta guzti! Tarteka, Arzallusek Abestien Zaindaria ere egingo du, eta abesti ezagunen (modan dauden abestien) euskal bertsioak egingo ditu.
Eta kolaboratzaile gehiago ditugu! Izaskun Moyanok ("Karabana" saioan erreportari ibili den kazetariak) Oroitzapenen kaxa ekarriko digu platora. Oroitzapen kaxa atala ez da berria, baina arrakasta handia izan zuen aurreko denboraldian, eta, horregatik, bueltan da, sorpresa eta mimo askoz egina.
Aitor Frantsesenaren eskutik, gaitasun urriko baina bizipoz handiko pertsonak ezagutzen jarraituko dugu, Marta Elviraren laguntzaz, eta denboraldi honetan platoan ere agertuko da.
Tarteka, jolasak egingo ditugu platoan, kalean inkestak egiten jarraituko du Jon Garatek, eta telebistari tartetxo bat eskainiko diogu: zer ikusten dute gure gonbidatuek telebistan? Horretarako, egongela berezi bat prestatuko dugu egunero platoan bertan.
Aitziber Garmendiak Zuriñe gorpuzten jarraituko du; lantzean behin, Gorane agertuko da, eta 3. pertsonaia bat ekarriko digu: Virginia Santos, Kazetaritza ikasketak egiten ari den neska lotsatia. Praktikak "Gure Kasa"n egingo ditu, eta saiatu, saiatu egingo da, baina lortuko al du elkarrizketa bat fundamentuz egitea?
Beraz, erritmo biziko saioa egiteko osagai guztiak prest dauzkagu 3. denboraldi honetan ere. 1, 2, 3, aurrera!