Herri City
Gaur, 22:00ean
Iruñea izango da 'Herri City' saioaren denboraldiko azken bisita
EITB
Zuhaitz Gurrutxaga, Mikel Pagadi eta Beñat Iturbe Nafarroako hiriburuan izango dira.
Gaurko 'Herri City'ren atala denboraldi honetako azkena izango da. Iruñera, Nafarroako hiriburura, joango dira Zuhaitz Gurrutxaga, Mikel Pagadi eta Beñat Iturbe.
Zuhaitz Txantrea auzoan hasiko da hiriko sekretuak biltzen. Bertako bizilagun Asier Urzaizek kontatuko dizkio Iruñeko auzo berezi honen ezaugarri guztiak; bere esanetan, Txantrea berezia baita. Nortasun handiko langile auzoa da eta bertako auzotarrek eskuz altxatutako etxebizitzak dira horren adibide. Horretaz gain, Urzaizek Txantreako ereserki propioa, armarri propioa eta bizimodua zer nolakoak diren azalduko dizkio. Juan Kruz Lakastarekin, aldiz, duela ez askoko intsumisio gaiak izango ditu mintzagai Zuhaitzek. Milaka izan ziren aurreko hamarkadetan zerbitzu militarrari zein armadari intsumisioa egin zioten euskal gazteak. Bada, Iruñean eta Nafarroa osoan are eta bereziagoa izan zen mugimendu hura, Nafarroa eta Iruñean nabarmen garatu baitzen. Lakasta bera ere intsumiso izateagatik kartzelaratu zuten. Bi urte eman zituen espetxean eta urte haietan gertatutako guztiak kontatuko dizkio Zuhaitzi. Azkenik, Javier Goikoetxea ezagutuko du Zuhaitzek, Iruñeko kaleetan gauez lan egiten duen taxi gidaria. Goikoetxeak berak duela urte batzuetatik hona egindako hautu pertsonala da gauez lan egitea. Gustuko du gauez lan egitea, horrela baita zoriontsu. Haren taxira igota, iruindarrek lo egiten duten bitartean, hiriaren zati bat iratzartuta dagoela ikusiko du Zuhaitzek.
Pagadik, aldiz, herriko autoritateari egingo dio lehendabiziko bisita, Joseba Asiron Iruñeko alkateari berari. Udaletxetik hasi beharrean baina, alde zaharreko Mañueta kalean hartuko du Asironek Pagadi. Ez da ausazko tokia, alkatearen sortetxea Mañueta txurro denda mitikoaren gainean baitago. Iruñeko udaletxea barrutik ezagutzeko aukera ere izango du Pagadik. Alkatearen beraren bulegoan ere sartuko du muturra, harik eta bisita sanferminetan hain ezaguna den balkoian bukatu arte. Hiria miatzen segituta, Iruñeko kaleek gordetzen dituzten misterioak arakatuko ditu Pagadik. Goizargiren eskutik, gainera, sekulako misterioa deskubrituko du: entzierroaren hasieran egoten den San Ferminen irudia Goizargiren beraren etxean gordetzen da urte osoan zehar. Berak eta amak izan ohi dute entzierroak dauden aldiro, santuaren irudia Santo Domingoko aldapan jartzeko ardura. Behin festak bukatuta, etxera eramaten dute figuratxoa. Urte osoan zehar etxeko egongelan izan ohi dute.
Beñat Iturbek, bere partetik, hiritarren eskari aldrebesak jasoko ditu. Ez dira faltako Gaztelu plazako aparkalekuko arrasto erromatarrei buruzko kexak edota burgoen inguruko iritzi bitxiak. Bestalde, Iruñean erakundeen pare dagoen tonbola zer den azalduko du Iturbek. Caritas elkarteak urtero jartzen duen tonbola oso maitatua da hirian. Bertan boluntario lanean aritzen den Xelek kontatuko dizkio Iturberi nondik norako guztiak.
'Herri City'ren azken atala gaur izango da ikusgai, 22:00etatik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.